Bihartik eta ekainera bitartean, Butak21 zineklub taldearen eskutik, Zumarragako Zelai Arizti aretoan zirkuitu komertzialetatik kanpo geratzen diren filmeei tokia egingo diete.
Boyhood (Richar Linclater, 2014) filmarekin hastekoak ziren, bihar. Alabaina, banatzaileek azken orduan jarritako trabak direla eta, ezingo dute azkenaldian horrenbeste sari biltzen ari den film estatubatuarra eman. Haren ordez, bihar, 22:15etan,
Interstellar (Michael Nolan, 2014) filma eskainiko dute.
Interstellar filma Butak21 taldeko kideek zikloa osatzeko egin zuten lehenengo zerrendan zegoen, baina aukeraketa prozesuak aurrera egin ahala erori egin zen. Orain, Boyhood-i ordezkoa bilatu beharrean egon direnean, ez dute zalantzarik egin eta zientzia fikziozko filma hautatu dute bihar emateko. Filmak espaziora egindako espedizio bat kontatzen du. Lurraren bizialdia agortzen ari denean, zientzialari talde bat espaziora doa izarretan bizitzerik badagoen edo ez aztertzeko.
Zientzia fikzioarekin hasiko bada ere, zikloak askoz gehiago dakar oraingoan ere. Julen Arakama Butak21eko kideak bi film nabarmendu ditu. Hain zuzen, ziklo horrek Latinoamerikako kulturaren bi ikonorekin lotura estua duten filmak dira. Sebastião Salgado argazkilari brasildarrari buruzko dokumentala emango dute:
The Salt of the Earth (Wim Wenders eta Juliano Ribeiro Salgado, 2014).
Beste pertsonaia latinoamerikarraren soslaia fikzioaren bidetik iritsiko da zikloaren hondarrean, ekainean. Alejandro Jodorowsky artista txiletarraren haurtzaroaren berrirakurketa oinarri duen
La danza de la realidad eleberritik abiatuta, zinemarako titulu bereko bertsioa osatu du Jodorowskyk berak. Arakamak dioenez, «filmak, Jodorowskyk erabiliko lituzkeen hitz berberekin esanda, karga psikomagiko handia du».
Bestelakoan,
Magical Girl (Carlos Vermut, 2014), iazko Donostiako Zinemaldian film onenaren eta zuzendari onenaren sariak jaso zituen lana emango dute. Arakamaren hitzetan, «Espainiako zine independenteak eman duen film onenetakoa da, egiteko modu berri baten erakuslea».
Mommy (Xabier Dolan, 2014), filma ere izango da Zelai Ariztin. Kanadako zuzendariaren bosgarren lana da eta egile gaztearen –25 urte ditu– zein emankorraren berezko estilo ausartak zine independentearen zirkuituetan bere lekua egin dio.
Komediak eta dramak
Frantzia, Ingalaterra, Txina eta Suedia da zikloak hartuko dituen beste filmen jatorria. Hala komediek nola dramek indarkeriari, anbizioari, bazterketari nahiz gizakiaren mugei buruzko gogoetak eragingo dituzte ikusleengan.
Zikloak orotara hamar film hartuko ditu. Oraingoan, halere, bi astean behineko maiztasuna «sarritan apurtuko» dela ohartarazi du Arakamak, «ikusleei adi egotea gomendatzen diegu, batzuetan bi astean behin eta hiru astean behin ere egingo ditugulako emanaldiak». Bonuak egin ahal izango dira, ohi bezala, eta emanaldien ordua (22:15), eguna (ostirala) eta tokia ez da aldatuko; sarreren prezioa ere ez.