Eguraldi iragarpenek aste osoan elurra egin behar duela diote. Hotza pasa nahi ez dutenek, Labeaga aretoan dute zita. Igandean, Konfusion taldeak ‘Txintxarra eta inurritxoa’ lana antzeztuko du.
Oraindik asteazkena da, baina dagoeneko guraso asko asteburuan pentsatzen egongo dira. «Aste osoan elurra egin behar duela esan dute. Astebururako kaleak elurtuta egongo dira. Zer egingo dugu? Haurrak asteburu osoan etxean sartuta eduki behar al ditugu? Zoratuko gara!». Lasaitu daitezela, Ines Benitezek eta Eduardo Eliasek plan bikaina prestatu diete eta: haurrentzako antzerkia, euskaraz. Urretxuko Labeaga aretoaren epeltasunean, gainera. Berogailu eta guzti. Benitez zumarragarrak eta Elias brasildarrak Karmakros antzerki taldean ezagutu zuten elkar. «Karmakrosen egiten genuenak ez ninduen asetzen eta neure kontura lan egitea erabaki nuen. Inesi gonbitea luzatu nion eta baiezkoa eman zidan», esan du Eliasek. El abrazo de la araña lanarekin eman ziren ezagutzera. Txintxarra eta inurritxoa euren bigarren lana da. «Dagoeneko hiru urte daramatzagu elkarrekin. Edurekin oso gustura nago, gauza berriak egitea eta arriskatzea gustatzen baitzaio. Kale antzerkia eta bakarrizketak egin ditugu, bi film labur grabatu ditugu, Karmakrosekoekin kolaboratu dugu, Herri Operan parte hartu genuen… El abrazo de la arañarekin Bilbon eta Donostian egon ginen, besteak beste. Txintxarra eta inurritxoa, berriz, irailean estreinatu genuen», aipatu du Benitezek. Antzezlan hori La Fontaineren ipuinaren moldaketa bat da. Eliasek familiako kide guztientzat aproposa dela dio. «Istorioa XXI. mendera ekarri dut. Inurria da protagonista nagusia. Bere haserrearen zergatia azaltzen dugu, besteak beste». Antzezlanak oso harrera ona izan zuela diote. «Euria egin zuen arren, haurrek eta gurasoek ez zuten alde egin. Haurrak oso gustura egon ziren eta aita batek motza egin zitzaiela esan zigun», azaldu du Benitezek. Haurrak, esker onekoak Haurrentzat lan egitea oso pozgarria dela dio. «Haurren zoriontasun aurpegia ikusteak ez du parekorik. Oso esker onekoak dira. Bukatu ondoren ere, adi-adi jarraitzen zuten, arropa nola kentzen genuen begira». Idazteaz eta antzezteaz gain, beste guztia ere eurek egiten dute: arropa, dekoratuak… «Dirua bagenu, Broadway-ko antzezlanen parekoak egingo genituzke», dio Eliasek. Herriko gurasoek ez dute ikuskizun erraldoirik behar, ordea. Haurrentzako ekitaldiak behar dituzte, euskaraz, eta hori da hain zuzen ere Benitezek eta Eliasek eskaintzen dietena. Antzerki saioa igandean izango da, 17:00etan. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 5 euroan, Garbiñe tindategian eta Alaska tabernan. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira: Labeaga aretoan, 16:00etatik 17:00etara.