Enrique Zaldua zumarragarrak Mikro Irekia ekitaldia antolatu du biharko, Urretxuko Santa Barbara aterpetxean. 21:00etan hasiko da. Amerikako Estatu Batuetatik Euskal Herrira eta Euskal Herritik Amerikako Estatu Batuetara ematen du urtea Zalduak eta handik ekarri du ekitaldi hau. Mikrofonoa nahi duten guztien eskura egongo da, abestu, errezitatu edo antzezteko. Gainera, gaztaiak egongo dira nahi duten guztientzat.
Zalduak New Yorken ezagutu zuen ikuskizun mota hori. «Asko gustatu zitzaidan, kaleko jendeari bere sormena erakusteko aukera ematen baitio. Gainera, parte hartzea bultzatzen du. Kontua ez da oso ona izatea, baizik eta norberak egiten duena erakustea. AEBtan tabernetan egiten dute, batez ere. Jazzaren eta bakarrizketen izpiritua du. Niri Santa Barbara toki zoragarria iruditzen zait eta hilean behin egin nahiko nuke».
Ez daki zenbat jendek parte hartuko duen. «Ez dut inoren partaidetza lotu. Mikro Irekiaren izpiritua hori da, hain zuzen ere. Jende ezagunaren parte hartzea iragartzeak gainontzekoak beldurtu ditzake. Parte hartu nahi duena, 21:00ak baino lehentxeago azaldu behar da eta izena eman. Izena ematen duen jende kopuruaren arabera, bakoitzak denbora gehiago edo gutxiago izango du. Seguru aski, parte hartzaile bakoitzak 5-10 minutu izango ditu».
Arau bakarra dago: besteen lana errespetatzea. Baita ikusleen aldetik ere. Izan ere, sortzaileek euren lana txalotzea merezi dute. Are gehiago, dena txikitzea atsegin dutenek duten indarra kontuan hartzen bada. «Zerbait sortzen ahalegintze hutsa txalogarria da eta sortzaileek ikusleen babesa merezi dute. Gainera, sortzaile guztiak gauza politak sortzen saiatzen dira. Inork ez du gauza zatarrik sortu nahi».
«Mikro Irekiakek kaleko jendeari bere sormena erakusteko aukera ematen dio»
«Sortzen ahalegintze hutsa txalogarria da eta sortzaileek babesa merezi dute»
«Ez da Octavio Paz edo Pavarotti izan behar mikro baten aurrean jartzeko»
Enrique Zaldua (Antolatzailea)
Herritarrak parte hartzera animatu ditu. «Ez da Octavio Paz, Angus Young edo Pavarotti izan behar mikrofono baten aurrean jartzeko. Zer edo zer esateko duten guztiei entzutea gustatzen zait, teknikan pentsatu gabe. Herriari eta munduko energiari ekarpen bat egiten zaio. Gainera, batzuetan artista oso interesgarriak ezagutzeko aukera ematen du. Eta gizartea kohesionatzeko balio duen ekitaldi batean parte hartzea ez da gutxi».
Zalduak ere parte hartuko du, noski. «Aurkezle lanak egingo ditut, abestiren bat abestuko dut eta poemaren bat irakurriko dut». Zumarragarraren ustez, estatubatuarren eta euskaldunen artean alde handia dago. «Han sortzaileei ikusiak izatea gustatzen zaie. Hemen, asko ezkutatu egiten dira. Han artista munduari zor zaiola uste dute, gizartearen mesedetan sortzen duela».
Andoni Salamero txalotu
Argi utzi nahi du Urretxuko eta Zumarragako kultur jarduera oso aberatsa iruditzen zaiola. «Ezin da esan hau eremu mortu bat denik. Ezta gutxiago ere. Astero zine emanaldiak ditugu, hilero antzerkia, datorren astean Queen taldearen kontzertu bat botako dute, artista asko daude… Hori bai, tabernetako eskaintza zabalagoa izatea gustatuko litzaidake. Tabernetan bakarrizketa dramatikoak eta musika klasikoa ere egin daiteke. Alde horretatik, Andoni Salameroren saiakerak oso interesgarriak dira».