Zuhaitz landareak banatuko dizkie udalak baserritarrei
Hamabigarren urtez Zumarragako baserritarrek zuhaitz landareak jasoko dituzte bihar Ipintzan. Aurtengoan hamalau baserritarrek nahiz landalur jabeek egin dute eskaria eta guztira 348 landare jasoko dituzte. Udaleko nekazaritza batzordeak bultzatutako banaketak bertako espezieen landaketa sustatzea du helburu.
Aurten gehien eskatu duten landarea pagoa izan da, 142. Haritz amerikar kopurua ere handia da, 121. Bertako haritza ez da amerikarra bezain azkar hazten eta 30 landare eskatu dituzte. Horiez gain, 55 intxaurrondo banatuko ditu udalak.
Egitasmoaren aurrekontua 2.620 eurokoa da eta Zumarragako Udalak landa garapen iraunkorraren alde egiten jarraituko duela esan du.
Zuhaitz landare banaketa beti egiten dute sasoi berean Zumarragan, negu partean baina udaberria dagoeneko ate-joka dagoenean.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide