Igandean mahasti artean ibiliko dira Ostadar mendi taldekoak
Arabar Errioxan barrena ibilaldia antolatu du Ostadar mendi taldeak iganderako. Oiondik irtenda, mahasti eta partzela-bide artean Guardiako hiribilduko bidean ibiliko dira. Ibilbide guztia ia laua da oraingoan.
Ostadarrekoek, ohi bezala, ibilbidean zehar mendizaleek ikusi ahal izango dituzten gune interesgarrien berri eman dute, hala nola: Mantible zubi erromatarra, Asa herrixka, mahasti-etxeak, Ebro errekaren bazterrak, Carravalseca eta Carralogroño urmaelak eta Guardia herria bera; muino batera igota, herri arabarraren kale estuen azpian gordetzen dira bertako upategiak.
Irteera 07:00etan egingo dute Zumarragako postetxearen aurretik. Izena emateko Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean duten egoitzara jo daiteke bihar eta etzi 20:00etatik 21:00etara. Telefonoz (943 72 33 85) eta e-postaz (ostadar@ostadar.org) ere egin daiteke izen-ematea.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide