Kanpo kontsultak hartuko dituen eraikina eginda dago jada. Azken ukituen zain, Zumarragako egungo ospitalearen osagarri izango den eraikuntza uda partean inauguratuko dutela aurreratu dute Goierri-Urolako ESI Erakunde Sanitario Integratuko iturriek. Lanak eginda daude eta, orain, instalakuntzak martxan jartzeko baimenak emateko zain daude.
Instalakuntzetan zuzenketa batzuk egin behar dituzte, informatika sarea jartzeko dago, hari gabeko telefono sistemaren instalazioa egiteko dago eta altzariak zein ekipamendua erosteke daude.
Ospitalearen goiko aldean, kanpo kontsulten sarreraren parean dago eraikin berria. Guztira, 1.500 metro koadro ditu hiru solairutan banatuta eta 856 metro koadroko lur sailean eraiki dute. Etorkizunean eraikina zabaltzeko aukera ez dute baztertzen.
Proiektuaren aurrekontua 2.428.000 eurokoa da eta, behin martxan jarrita, 300.000 euroko funtzionamendu gastuak aurreikusten ditu Osakidetzak.
Eraikin berriaren lanak 2013ko urrian martxan jarri zituzten eta hil honetan amaituta egongo zirela uste bazuten ere, lanen bukaera atzeratuta dator.
Hasieratik ospitaleratu gabeko pazienteak hartzen dituzten espezialitateak bertan kokatzeko asmoa agertu zuten. Espezialitate horiek oftalmologia, otorrinolaringologia eta pediatria dira, besteak beste. Ospitaleratuta dauden pazienteek erabiltzen dituzten zerbitzu gehienak ospitaleko eraikin zaharrean utziko dituzte pazienteei trabarik ez eragitearren.
Guztira 30 txoko hartuko ditu eraikin berriak, hamar txoko solairu bakoitzeko. Ospitaleko zuzendaritzak han kokatuko duten sail bakoitzeko profesionalekin bilerak egin ditu txoko bakoitza haien beharretara egokitze aldera.
Zumarragako Ospitaleak, orain 30 urte ireki zutenetik, izan duen erronka handiena tokiarena izan da, aspaldi geratu baitzen txiki.