Gaur eguerdian Mikel Serrano Zumarragako alkate sozialistak bera buru duen udal gobernuak agintaldian (2011-2015) egindakoaren laburpena egin du ordubete eta laurdeneko mintzaldian. Serranok inbertsioetatik harago, gizarte mailan egindako lanari azpimarra egiten hasi du bere hizketaldia. Bide batez, udalaren zorpetze “maila baxua” nabarmendu du,
Hurrengo agintaldian agintzen duen gobernuak baliabide ekonomikoak izango ditu
Serranok gaika antolatu du bere solasaldia eta agintaldian abiarazitako proiektuak aletu ditu:
- GeoZumarraga baliabide digitala.
- Antioko Interpretazio Zentroa. 2014ko apirilaren 11n inauguratu zuten. Zazpi hilabeteotan 13.000 bisitari izan dituela esan du Serranok. 2013an jatetxea eta taberna ireki zituztela eta orduz geroztik egun batean ere ez dutela itxi gehitu du alkateak.
- Auzoetako hobekuntzak. Sail honetan auzoz auzo xehatu ditu egindako lanak, lan bakoitzari dagokion aurrekontua eta diru laguntza adierazita. Besteak beste, Elizkaleko lanak (333.432 euroko aurrekontua eta 95.842 euroko diru laguntza Eusko Jaurlaritzako Merkagune programari esker), Filipina Uharteak (160.000 euro eta Merkagunek 36.960 euro), Agiñagako frontoiaren sabaia (220.878 euro eta 118.880 euro jaurlaritzak eta 40.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntzatan)… Beste hamaika proiektu aipatu ditu alkateak.
- Mugikortasuna. Z Busa, egunotan egunean egiten dituen zazpi zerbitzuen berri ematen duen esku orria banatzen ari direla esan du alkateak. Lurraldebuseko zerbitzuen baitan San Gregorio 6ko geldialdi berria eta Lamorous gerontologia zentroan jarritakoa aipatu ditu. Bidegorrian egiten ari diren asfaltatze lanak arlo honetan sartu ditu.
- Etxebizitza. Zumarragak babes ofizialeko etxeen aldeko apustua egin duela, eta agintaldian 50 bat etxebizitza merkaturatuko dituztela adierazi du Bidaurretan eta Eitzagaberrin. Antio hiribidean kokatutako 22 etxebizitzen giltzak urtebete barru emango dituztela agindu du.
- Gizarte esparruan. Gautena (Gipuzkoako Autismo Elkartea) eta AECC (Minbiziaren Aurkako Elkartea) elkarteen egoitza berriak kokatu dituzte Zumarragan. 9.950 biztanle datuaren harira agintaldi honetan heriotza tasa igo egin dela azaldu du alkateak, “jaiotze tasa ia igo ez den bitartean”. Adinekoei lotutako programak zerrendatu ditu: A tiempo (suteak saihesteko programa), Tipi etapa (taldean paseatzeko programa) eta Euskadi Lagunkoia (zaharrak gizartearen egitasmoetan txertatzeko programa).
- Urola Garaia Mankomunitatea. Berdintasuna, trebakuntza, Orto proiektua, lehenengo sektoreari lotutako egitasmoak (Bertatik bertara), Sortzen (ekintzaileei zuzendutako programa), Turismoaren inguruko lanketa.
- Azpiegiturak. Haur parkeak, lanak egin dituzte eta egiten ari dira Zumarragako hiru parketan eta adinekoen parkearen egonkortzea.
- Garapena eta ingurugiroa. Uraren sektorizazioa (nekazari eremuan barne), efizientzia energetikoa (LED argiteria), igerilekuko ur beroaren aprobetxamendurako sistema berria, bosgarren edukiontziaren erabilpena. Serranoren hitzetan:
Poliki-poliki ari gara urratsak ematen baina ernegaziorik gabe
- Kirola. Beloki pilotalekuan Eskuz banakako Euskal Herriko Txapelketaren lehenengo partida jokatuko da maiatzean. Field targeteko Europako Txapelketa jokatuko da uztailean Zumarragan. Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapa Zumarragan amaituko da apirilaren 8an eta irtengo da apirilaren 9koa. Argixaoko bigarren zelaian belar artifiziala jarriko dute.
- Kultura. Zumarragan egiten diren musika zikloak aipatu ditu (Antioko zikloa eta abesbatza lehiaketa), Herri Opera gogoratu du eta agintaldian Zumarragako elkarteei diru laguntzak ez zaizkiela gutxitu esan du, are gehiago
2014an eta 2015ean %10 igo dizkiegu diru laguntzak kultur elkarteei
- Sariak. Hiri jasangarria, Hiri lagunkoia eta aipamena Udalsarea 21en.
- Euskara. Kale erabilerak %4,5 gora egin duela esan du Zumarragako alkateak,
Euskararen egoera ezin hobea da Zumarragan izan dituen datuak kontuan hartuta
- Osasun arloa. Zumarragako Ospitaleko lanen zerrenda egin du: kanpo kontsulten eraikina, erresonantzia magnetikoak egiteko gailu berria eta aparkalekuak. Guztiak PSE-EEk EAJrekin egindako negoziazioen emaitza direla esan du alkateak, baita bera buru duen udal gobernuaren ekimena ere.
Behin arlo guztiak aletuta, Serranok hasi duen tokian amaitu du solasaldia. Hain zuzen, Zumarragako Udalaren zorpetze mailari heldu dio bukaeran. Gaur gaurkoz, Zumarragako Udalaren zorpetze maila Zumarraga Lantzen barne hartuta, %3,28koa da. Guztira, 80 proiektutik gora burutu ditu udal gobernu sozialistak. Agintaldian 11 milioi eurotik gora inbertitu dituzte eta horietatik 2.900.000 inguru Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru laguntzekin finantzatu dituzte. Indarkeriaren aipamena egin du amaieran hura zuzenean aipatu gabe, Serranoren hitzetan:
Sozialistak une zailetan hor egon gara eta aurrera egiten lagundu dugu, orain aro berri bati hasiera ematen diogu non iraganeko mehatxurik ez dagoen
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide