Gaur goizean aurkeztu du Iñigo Peñagarikanok Zumarragako Udalerako bere hautagaitza. EAJko zerrenda burua izango da Peñagarikano maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan. Aurreko hauteskundeetan ere bera izan zen jeltzaleen hautagaia. Joseba Egibar Gipuzkoako Buru Batzarreko lehendakariak lagundu dio aurkezpenean.
Peñagarikanok amaitzear dagoen agintaldian udaletxean, oposizioan, egindako lana “aberasgarria” baina “zaila” izan dela esan du. Mikel Serrano alkatearekin harreman “bereziki zaila” izan dela nabarmendu du jeltzaleak, “hau ez da gurekin bakarrik gertatu, beste alderdi guztiekin ere hala izan da; areago, alderdi sozialista barruan bertan izandako liskarrak ere ugariak izan dira”. Oro har, udaletxean egindako lana “fruitu gutxiko ordu askoko lana izan da: bilerak, proposamenak… eta kasurik ez”.
Egoera hori izan da alkategai gisa aurkezteko arrazoiak eman ditu Peñagarikanok:
- Lan taldearekin oso gustura aritu izana: Josu Idigoras eta Andoni Ormazabal zinegotziak.
- Gauzak aldatuko direnaren ustea: “PP eta PSE-EE elkartuta ere ez dirudi gehiengo osoa lortuko dutenik. Egoera horretan desberdinen arteko akordioak ezinbestekoak izango dira eta hori izango dugu zer esana”.
- Erantzukizuna: suminduratik harago, “norberak bere eskuetan dagoena egin behar duela pentsatu dut beti”
Beste galdera bati ere erantzun dio, zertarako aurkeztu nahi du?
- Zumarragako egoera ekonomikoagatik kezka agertu du eta egoera hori hobetu bidean bere alea ekarri dezakeela uste du.
- Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalen arteko harremanak gaiztotu egin direla, eta lankidetzaren aldeko apustua egin du, “lankidetza horrek ilusioa sortzen dit”.
- Herritarren partaidetza areagotu, hezkuntzaren lehentasunaren alde lan egin, kultur eragileei baliabideak erraztu eta behar gehien dituztenen bizi baldintzak duindu aipatu ditu Peñagarikanok.
Amaitzeko elkarlanaren aldeko diskurtsoa egin du, “bakoitzaren onena mahai gainean jarrita etorkizun oparoa eraikitzeko gai izango gara”.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide