Antxiñe Mendizabalek (Zumarraga, 1968) Ama gaiztoaren ipuina aurkeztu berri du. Haurrei zuzendutako ipuina da, Aritz Eiguren (Bilbo, 1976) ilustratzailearen marrazkiak ondua. Idazleak editore lanak egiten ditu Elkar argitaletxean. Ipuin berriaren nondik norakoak azaldu ditu eta Liburuaren Egunaren harira irakurzaletasunaren eta industria kulturalaren inguruko gogoetak eskatu dizkiogu.
Ba al dago ama gaiztorik?
Nire buruari galdera hori bera egiten nion. Nire buruaren gaineko gogoetak, amatasunari buruzkoak, gure amak izan direnen gaineko begirada denboraren distantzia hartzen dugunean… Ama eta gaiztoa hitzak bateraezinak direla ematen du. Xabier Mendiguren lankideak halako ipuinik ezingo nuela idatzi esan zidan proiektu honi ekin nionean.
Galdezka hasi nintzen inguruan eta nire harridurarako gehienek bere seme-alabak abandonatzen dituen amatzat dute ama gaiztoa. Niretzat bere umeak gaizki tratatzen dituen ama da ama gaiztoa, presentziatik ausentziatik baino gehiago, alegia. Izan ere, hurbiletik okerrago eragin daitekeela uste dut.
Liburuan ipuin klasikoak erabili dituzu gaian sartzeko.
Bai. Gogor samarra zen gaia zuzenean, besterik gabe, ekiteko. Ipuin klasikoetan agertzen diren amak, baita gaiztotasunaren ikur diren amaordeak ere aintzat hartu ditut. Inoiz ikastetxeetan hitzaldiak egin ditudanean umeei gaia atera diet eta harrigarria da, haurrak konturatuta daude. Nola liteke Txano Gorritxoren amak basoak gordetzen dituen arriskuak ezagutura alaba amonarena bidaltzea? Zergatik ez doa ama bera? Nik nire alabari segi kalera, baina kontuz beheran dagoen hiltzailearekin esango banio bezala da.
Amaorde guztiak gaiztoak al dira?
Hala agertzen dizkigute ipuin klasikoek. Aitak erdi tentelak balira bezala ekartzen dizkigute, emazte berriaren edertasunak liluratuta-edo, bestela gerrara joanda… Badirudi amaordeek bideratzen dituztela gaiztakeriara. Edozein kasutan, amaordeak ez direnak ere badaude. Aipatu dut Txano Gorritxoren ama. Ahate Itsusiaren amaren kasua labainkorragoa da, bere umea defendatu baino etxaldetik joan beharra duenean beste alde batera begiratzen baitu.
Ipuinaren muina, hala ere, bi ahizpen arteko solasa da.
Bai. Ipuin klasikoetatik abiatuta bi ahizpen arteko hartu emanak bideratu du istorioa. Gazteena beti ari da ipuinak irakurtzen eta zaharrena haserre da bere buruarekin. Ahizpa gaztea xaxatzen du etengabean. Ahizpa gaztea baino ez da konturatzen nagusiak amarekiko kezka batek itotzen duela.
Hortik aurrera istorioa. Azkenean maitasun istorio bat bihurtzen den ipuina da, ezta?
Hala da, dauden eta ez dauden amen istorioa da, egon eta egon ezin izan diren amen istorio bat. Juzgu batetik abiatuta ere, azkenean ez dago epairik.
Haurrei zuzendutakoa da. Nola hartu dute ipuina dagoeneko irakurri dutenek?
Saiatu naiz amek erabiltzen dituzten dohainak jasotzen. Hasiera gogorra dauka ipuinak, gero drama eta azkenerako leuntasuna. Ama garenoi batzuetan gure seme-alabei irakaspen gogorrak ematea egokitzen zaigu. Horrenbestez, lehenengo gogor eta gordin, gero leun eta jostari; hori guztia, maitasunez jantzia, jakina. Animaliek ere egiten dute, otso emeek, beren kumeak defendatzen eta babesten dituzten arren, kobazulotik atera eta bakarrik uzten dituzte noizean behin.
Aritz Eigurenek marrazkiak egin ditu.
Oso ariketa zaila zeukan ipuin klasikoei egiten zaien erreferentziagatik, baita istorio beragatik ere. Lan dotorea atera zaio, goxotasun askorekin egindakoa.
Liburuen Egunaren inguruko ekintzak daude egunotan. Editorea zara ofizioz. Nolakoa da gaur-gaurkoz liburuaren osasuna?
Sormena egon badago, proiektu asko aurkezten dizkigute, baina krisiak sekulako jipoia eman die enpresei. Liburuak garestitu egin dira Bez zergarekin eta erosle gutxiago dago. Euskal literaturan gero eta tirada txikiagoak egiten dira. Joera horri enpresa handiek errazago eusten diote. Argitaletxe txikiak egoera sufritzen ari dira eta handiek produktu izarrei esker argitaratzen dute literatura.
Erosle gutxiago dagoela diozu. Joera bat al da jada?
Bai, hori da orain kezkarik handiena. Honezkero, gurean behintzat [Elkarren dabil] ez dakigu ze aldaketa egin joera hori iraultzeko.
Liburu digitalak ba al du merkaturik?
Oso urria da. Euskal Herrian nerabe eta heldu literatura baino ez da digitalizatzen. Haur literatura digitalizatzea oso garestia da ilustrazioengatik.
Erosle eta irakurle sinonimo al dira testuinguru horretan?
Zalantzak ditut. Haur eta gazte literatura argitaratzen da gehien eta eskolek bideratzen dituzte liburuak. Irakurtzea eskolarekin lotzen dute haurrek eta sarritan derrigortuta irakurtzen dute. Neurgailu bat da hori. Best seller-en fenomenoa ere badago, jende gaztea hortik zaletu daiteke baina euskarara ekartzea ez da errentagarria.
Irakurzaletasuna transmititu al daiteke?
Irakurtzeko baldintza materialak behar dira: denbora eta espazioa. Haurrak liburuetatik oso urruti ikusten ditut, pantailatara erabat lotuta daude, sorginduta bezala. Pantailatik liburuak eskatzen duen sosegurako jauzia ez da erraza eta ez dut horretarako baldintzarik sumatzen.
Zer irakurtzen ari zara?Homo sapiens, breve historia de la humanidad. Gizakion eboluzioa xume-xume azaltzen du. Dirua, inperioak, genero bereizketa…
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaraz modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako, zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Gainera, BERRIAlaguna bazara eta HITZAkide egiten bazara, katilu bat oparituko dizugu:
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko.Onartu Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu hemen.
Privacy & Cookies Policy
Privacy Overview
This website uses cookies to improve your experience while you navigate through the website. Out of these cookies, the cookies that are categorized as necessary are stored on your browser as they are essential for the working of basic functionalities of the website. We also use third-party cookies that help us analyze and understand how you use this website. These cookies will be stored in your browser only with your consent. You also have the option to opt-out of these cookies. But opting out of some of these cookies may have an effect on your browsing experience.
Necessary cookies are absolutely essential for the website to function properly. This category only includes cookies that ensures basic functionalities and security features of the website. These cookies do not store any personal information.
Any cookies that may not be particularly necessary for the website to function and is used specifically to collect user personal data via analytics, ads, other embedded contents are termed as non-necessary cookies. It is mandatory to procure user consent prior to running these cookies on your website.