Urretxuarrek parke estalia Lizeoan edo San Martin-Barrenkalen egitea erabaki dute
Urretxuko Udalak parte hartze prozesu bat antolatu du herrian parke estali bat egiteko eta herritarrek Lizeoan edo San Martin-Barrenkaleko jolaslekuan egitea erabaki dute. Udal teknikariak bi guneen azterketa teknikoa egiten ari dira egokiena zein den zehazteko. Udalak 90.000 eta 120.000 euro arteko aurrekontua aurreikusi du. Jose Mari Lasa plaza eta Nekolaldeko parkea ere begi onez ikusi dituzte herritarrek, baina bi gune hauek ez dira hain egokiak.
Lizeoak parkea zerotik diseinatzeko aukera ematen du, inguruan ez du etxebizitzarik, errepidetik aparte dago, erdigunean dago eta bidegorritik gertu dago. San Martin-Barrenkalekoa merkeagoa izango litzateke, parkea eginda baitago. Honek ere ez du etxebizitzarik ondoan eta bidegorritik gertu dago, baina bileretan parte hartu duten herritarrek desabantaila gehiago ikusten dizkiote: ez du zerotik hasteko aukera ematen, errepidea gertu du eta txikia da.
Bileretako aktak urretxubiziz.eus webgunean jarri dituzte.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide