Urretxuren eta Zumarragaren arteko zubiak eraikitzea ardatz zuen ipuinarekin hasi da arratsaldeko EH Bilduren ekitaldia Areizaga-Kalebarren plazan. Iragarri bezala Xabier Olano Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaiak parte hartu du Oihane Zabaleta Urretxuko alkategaiarekin eta Inma Albisua Zumarragako alkategaiarekin batera. Ezustea Hasier Arraiz koalizioko legebiltzarkidearen parte hartzea izan da. Koalizioaren zerrendan doazen bi gaztek ere parte hartu dute: Nerea Altolagirre (Urretxu) eta Asier Eguren (Zumarraga).
Alex Areizagak irakurritako ipuinari segida eman dio
Zabaleta Urretxuko alkategaiak. “Alderdikeriak eta lokalismoak” alde batera uztearen alde agertu da. “Duela lau urte ez genuela esperientziarik esan ziguten, baina guk halako esperientziarik ez genuen behar”, jarraitu du. “Jauntxokeriak” bukatu direla eta “erabakiak hartzeko molde hori” amaitutzat eman du Urretxuko alkategaiak. Herritarrengana atera diral eta bera buru duen udal gobernuak bultzatuta, 30etik gora auzo batzar egin dituztela gaineratu du. Horiez gain, 50 parte hartze foro burutu dituztela gogoratu du eta bereziki nabarmendu du Irimokoa. Dirua alferrik galdu gabe gobernatu daitekeela frogatu dutela, eta protokolo gastuak %55 jaitsi dituztela esan du. Programa aipatu du eta ezkertiarra denaren balioari egin dio azpimarra, “gehien sufritzen duenaren alde egitea da guretzat ezkertiarra izatea”. Urretxun lautik hiruk ezberdintasuna pairatzen dutela ohartarazi du, “mendekotasun egoerak dituzte emakumezkoak direlako, mendeko bat euren kargu dutelako, euskaraz hitz egin nahi eta ezin dutelako edota egun osoko bidaia bat egin behar dutelako 40 minutuko bisita bat egiteko”. Zabaletarentzat, horrenbestez, ezberdintasunen izaera ez da soilik ekonomikoa. “Guk horientzat gobernatzen dugu, herritarrentzat”. Enplegua lortzeko eredu aldaketa baten alde egin du, tokiko garapenari bultzada emanez.
Zabaleta Urretxuko alkategaia hitz egiten
Lekukoa
Albisua Zumarragako alkategaiak hartu dio. Egingo duena aletu baino bere onena emateko prest dagoela esanez hasi du Albisuak bere hitzaldia. Berak eta berekin Zumarragako EH Bilduren zerrenda osatu duten kideek. “Udal kudeaketa aldatu nahi dugu. Gu ez gara politikariak, herritar xumeak gara eta hori da, hain zuzen, gure ustez Zumarragak behar duena”. PSE-EEko alkate Mikel Serranok “nahi duena egiten” duela gehitu du. EAJri hauteskundeen ondoren ituna norekin egingo duen azaltzea eskatu dio. Zumarragak aurrera egin dezan EH Bildu da, Albisuaren ustez, “alternatiba bakarra”. Udal jardunak “freskotasuna” behar duela eta aldaketaren alde EH Bildurentzat botua eskatu du.
Inma Albisua Zumarragako alkategaia hitz egiten
Xabier Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako hautagaiak Urretxuko eta Zumarragako alkategaiak emakumezkoak izatea goraipatu du. “Gipuzkoan jokoan dagoena aldaketarekin jarraitu ahal izatea da eta botu bakoitzak erabaki dezake”. Bestela, atzera egin eta “gutxi batzuren pribilegioak” aintzat hartuko dituen gobernatzeko erara itzultzeko arriskuaz ohartarazi du, “EAJ, PSE-EE eta PP gure proiektua zapuzteko gogokin daude”. EH Bildu Gipuzkoa “solidarioago, justuago eta zuzenago” baten alde ari dela esan du eta Gipuzkoa gaur-gaurkoz “aurretik” doala gehitu du, “ikusi nahi ez duten arren”.
Ondoren, Nerea Altolagirrek eta Asier Egurenek hartu dute hitza. Biak ala biak Urretxuko zein Zumarragako hautagai gazteenetakoak izanda, gazteek gero eta botere gune bereganatzearen alde egin dute, baita herritarrak ahalduntzearen alde ere.
Altolagirre eta ondoan Eguren
Ekitaldiari amaiera eman aurretik Hasier Arraizek hitza hartu du eta “Euskal Herrian dena erabaki nahi dugu” esan du hasteko eta behin. Erabakitzeko eskubide hori EH Bilduk soilik gauzatu dezakeela gehitu du, “burujabetza osoa eta justizia soziala” bermatuko dituztela eta horretarako “bide onean” daudela esan du. Herri guztietan erabakitzeko eskubidearen alde egingo duten udal gobernuak eraldatzeko deia egin du.