Joan zen astean Urretxuko EAJren hautagaiak, Jon Luquik, EH Bilduren gardentasun falta salatu zuen; Udalak pasiotarren eraikina erosi duelako eta inork gutxik zekielako. Eraikina ikastolak erabiliko du. Gobernu taldeak, ikastolaren beharrei erantzuna emateko eta pasiotarrekin hirigintza hitzarmena sinatzeko prozesua 2005ean hasi zela gogoratu du. “Udalak ikastolarekin hirigintza hitzarmen bat sinatu zuen. Hitzarmena udalbatzak aho batez onartu zuen, baina bere ezarpena momentu hartan lantzen ari ziren Arau Subsidiarioen onarpenari baldintzatua zegoen. Gogoratu behar da legegintzaldi hartan EAJ udal gobernuko kide zela eta zeresan handia izan zuela guzti honen garapenaren luzapenean”.
Urretxuko gobernu taldekoek eraikina erosteko egindako lanaren berri ere eman dute. 2007an gobernuan aldaketa egon zela eta pasiotarren guneko egitasmoa erabat aldatu zela gogoratu dute. Baita gobernuan sartu zirenean, 2005ean hasitako negoziazioak berreskuratu zituztela ere. Pasiotarrekin akordioa lortzeko “sutsuki” lan egin dutela esan dute. “2014ko uztailean, hitzarmen berriaren sinadura gauzatu behar zenean, inflexio puntu bat ematen da: pasiotarrek Urretxuko herriaren jarduera eliztar guztia beraien gain hartzen dute. Iparragirre kalean dagoen eliz etxera bizitzera etortzeko erabakia hartzen dute eta ordura arte beraien egoitza izan behar zen eraikin zatia (katekesia emateko erabili dutena) udalak erostea negoziaziorako baldintza bezala jartzen dute”.
Egoera honen aurrean, udal gobernuak zati hau erostea erabaki du. “Pauso hau eman aurretik, 2006an Udalak ikastolarekin sinatutako hitzarmeneko konpromisoak berraztertu ditugu eta Ikastolarekin hitz egiten dugu, eraikin zati honek beraien beharrei irtenbidea eman diezaiekeen jakiteko. Ikastolak bere proiektua moldatzeko aukera ikusi du eta horrela pasiotarren eta Udalaren arteko negoziazioa itxi dugu, 10 urtez soluziorik gabe egon diren arazoak konponduz”.