Urretxuko eta Zumarragako kirol jarduna euskalduntzeko lanean ari den plataformak Kirola euskaraz manifestua kaleratu zuen kirolari zein kirol eragile ugariren sinadurak babestuta. Ondoren, kirol mintzodromoa antolatu, eta 40 bat lagunek bi herriotako kirol arloko euskararen egoeraz mintzatu ziren, baita euskararen erabilera hazi dadin burutu daitezkeen estrategien gainean ere. Orain, emaitzak aurkeztu dituzte. Aurrera begira bi lan ildo zehaztu dituzte nagusiki. Prestakuntza ikastaroen beharra ikusi dute. Ikastaroak kirol entrenatzaileek, begiraleek zein irakasleek jasoko dituzte. Kirol eragileekin bilerak egiteko asmoa ere agertu dute, lankidetza prozesu bati hasiera emateko.
Jexux Mari Alberdi Kirola Euskaraz lantaldeko kidearen hitzetan, «bi herriotako kirol arloan, euskararen erabilerari dagokionez, oraindik gauza asko egiteko daukagula iruditzen zitzaidan lehen. Mintzodromoaren ondoren, irudipen hori indartu da». Solasaldira bildutakoen kopuruari azpimarra egin dio Alberdik: «Guretzat gauza handia izan zen Urretxuko eta Zumarragako hainbeste lagun elkartzea. Denek zeukaten zerbait esateko».
Kontzientzia hitza behin eta berriro egon zen mintzalagunen ahoan, «eskola kiroleko gurasoen eredua zein kontzientzia, entrenatzaileen nahiz begiraleen sentsibilizazioa, kirol elkarteen hizkuntza ohiturak… Bada, horri guztiari erreparatuta, kirol elkarteekin hitz egiten hasi beharko dugu laster, eta kontzientzia pizteko zer egin dezakegun ikusi beharko dugu denon artean».
Mintzodromoaren mamia
Bi galdera oinarri hartuta solasaldian aritu ziren mintzodromoan. Kirol esparruan euskaraz egiten ote den galderari guneen araberako erantzunak eman zizkieten. Eskola kirolarean irakurketa baikorra egin zuten arren, gurasoen eredua ez zuten ontzat eman askotan gaztelaniaz aritzen direlako.
Kirol zerbitzuei dagokienez, irakurketa ez zen horren ona izan. Ikastaroen gaztelaniarako joera edo musika nahiz irratia gaztelaniaz jartzen dutela nabarmendu zuten. Kirol elkarteen irudia oso erdalduna dela azpimarratu zuten, nahiz eta azken urteetan hobekuntza eman dela onartu.
Beste galdera erabilera bultzatzeko estrategien gainekoa izan zen. Eredua ematea ezinbestekotzat jo zuten, kontzientzian jarri zuten gakoa, irizpide bat zehazteko beharraz ohartarazi zuten, gidaritza lana funtsezkoa dela defendatu zuten, zailtasunen aurrean euskaldunen ulermen nahiz errespetuzko jarrerak azpimarratu zituzten eta tresnak sortzea beharrezkotzat jo zuten.