Euskarazi Bizi jaialdian murgilduta dago Urretxu-Zumarraga ikastola
Ikasleen artean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, Euskaraz Bizi jaialdia antolatu du aurten ere Urretxu-Zumarraga ikastolak. Hainbat antzezlan eta ikuskizun ezberdin prestatzen dituzte ikasleek Euskaraz Bizi jaialdirako, eta gurasoei eskaintzen dizkiete. Duela bi aste lehen hezkuntzako ikasleek eskaini zituzten emanaldiak. Aste honetan, berriz, haur hezkuntzako ikasleen txanda da.
Aurtengo gaia, turismoa
Azken urteetan gai baten inguruan prestatzen dituzte emanaldiak. Haur hezkuntzakoek aurten aukeratutako gaia Urola bailarako turismoa da. Turisten papera egingo dute haurrek, eta bailarako hainbat leku esanguratsu ezagutuko dituzte. Besteak beste, Zumarragako Antio baseliza, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti museoa, Legazpiko Mirandaola eta Urretxuko Aikur erleen museoa irudikatuko dituzte. Antzerkiaz gain, haurrak kantatzen eta dantzan ikusteko aukera izango dute gurasoek.
Guztira Urretxu-Zumarraga ikastolako 270 haur inguruk parte hartuko dute gaur eta bihar egingo dituzten emanaldietan, erdiek gaur, eta beste erdiek bihar. 10:00etan aiton amonentzako emanaldia egingo dute, eta 18:30ean gurasoentzat.
Jone Aldalur haur hekuntzako koordinatzaileak adierazi duenez, haurrek «gogoz» hartzen dute jaialdia, eta emanaldiaren eguna hurbildu ahala «urduri» egoten dira. Emanaldiak Zumarragako Zelai Arizti aretoan egingo dituzte. Garai batean ikastolan bertan egiten zituzten, baina azken urteetan Zelai Ariztin izaten da jaialdia.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide