Zumarragako Gure Txoko jubilatu egoitzako kideek haurrekin batera burutzeko ekintza bat baino gehiago prestatu dute azkenaldian. Gabonetan Aiton-amonen eta biloben Egunean elkarrekin eskulanak egiten jarri zituzten egoitzan bertan eta, oraingoan, jolasean arituko dira batera Zumarragako Euskadi plazan. Etzi, ostiralarekin plaza jolas gune bilakatuko dute. Adinekoek euren haurtzaroko jolasak erakutsiko dizkiete La Salle-Legazpi eskolako 6 eta 7 urteko haurrei.
Itsumandoka, sokatiran, zapian, tokan, igela-tokan eta abarretan arituko dira. Hamarna haurreko taldeak egingo dituzte eta talde horiek gurpilen erara mugituko dituzte haur bakoitza jolas guztietan aritu dadin. Jolasean 10:00etan hasi, eta bi orduz hamar bat jolas egingo dituzte. Gure Txokokoek aurten ez dute urtean behin egin ohi duten Aste Kulturala ospatuko. Miguel Angel Cenera zuzendaritzako kideak azaldu duenez, «Astearen baitako ekintzak irekiak izatea zen gure asmoa, baina ez genuen nahi besteko parte hartzea lortzen. Hori dela eta, aurten Aste Kulturalik ez egitea erabaki dugu». Egitarau loturik ez, baina egoitzako leihoak ireki eta kanpora begira jartzeko gogoari eusten diote Gure Txokon. Hain zuzen, grina horretatik sortu da haurrekin jolasean aritzeko ekintza.
Urretxuko eta Zumarragako eskola guztiei deialdia egin diete eta, momentuz, La Salle-Legazpik eman die baiezkoa. «Aiton-amonen jolasak zeintzuk ziren erakutsi nahi diegu etzi. Belaunaldiak lotu nahi ditugu eta gugandik zer ikasia badutela erakutsi», jarraitu du Cenerak. Beste norabidean jasotzeko prest ere badaude. «Guretzat, haurtzarora itzultzeko aitzakia da, umetan zertan ibiltzen ginen oroitzeko parada. Haurren freskotasunetik eta xalotasunetik edango dugu». Izan ere, eta Cenerak gogoratu duenez, zahartzaroan «bizitzaren zikloari jarraiki badago haurtzarorako itzuli bat».
Esperientzia trukea
La Salle-Legazpi ikastetxekoek gustura hartu zuten Gure Txokoko gonbitea. Eskolan bakeari eta justiziari buruzko programa bat lantzen ari dira eta ikasturtero balore bana lantzen dute. Marivi Marco irakaslearen hitzetan, «gure umeek aiton-amonekin truke bat egin zezatela nahi genuen. Jolasen bitartez esperientzia truke bat egingo dutelakoan gaude. Haurrek nagusiek emateko duten horri balioa ematea dugu helburu».
Joaneko partida da etzikoa, izan ere, itzulikoa ere jokatu baino jolastu egingo dute La Salleko haurrek eta Gure Txokoko nagusiek. Ikastetxetik hara joateko gonbidapena luzatu diete jubilatu egoitzako kideei. «Datorren ikasturtean etorriko dira gurera, aurtengoan denbora gabe geratu gara eta», azaldu du Marcok.
Belaunaldi bakoitzak besteari zor dion errespetua landuko dutela diote hala eskolatik nola jubilatu egoitzatik. Haurrek emateko dutena hartuko dute nagusiek etzikoan. Eta, zaharrek urteetan bildutako eskarmentua, oroitzapenak, ipuinak eta jolasak transmitituko dizkiete umeei. Hori guztia jolasen bitartez egingo dute.