Zintzo Mintzok lehenengo irteera antolatu du kultura ezagutarazteko
Urretxuko eta Zumarragako Zintzo Mintzo euskaltzale elkarteak egitasmo berriari hasiera emango dio ekainaren 7an, igandearekin. Bi herriotako kultura eta ezagutza sustatu nahi dute euskaraz, eta mendi ibilaldien zein herriguneetan bisita gidatuak eginez burutuko dute egitasmoa. Ekainaren 7an Izazpi, Samiño-Oleta mendien artean: historia, geografia eta mitoa irteera egingo dute Ostadar mendi taldeko kideek gidatuta.
Mendi irteera doakoa da eta izena eman daiteke ekainaren 3ra arte honako helbidean: zintzo_mintzo@otamotz.com. Ibilaldian dauden tokien historiari erreparatuko diote ezaugarri geografikoak, mitologia eta kondairak azalduz. Parte hartzaile bakoitzak txosten bana jasoko du. Irteera lekua Areizaga-Kalebarren plaza da eta ordua 08:00ak.
Dagoeneko lotu dute herri barruan nahiz mendi inguruetan gidari lanak egingo dituztenak nortzuk izango diren. Historia, geografia, mitologia, euskara, arkitektura, biografiak, ohiturak… Informazio eta jakintza arlo horiek guztiak uztartuko dituzte. Ezagutzari bultzada eman nahi diote eta ezagutza hori euskaraz transmitituko dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide