Izagirrek irabazi du laugarrengoz jaietako azal lehiaketa
Julen Izagirre zumarragarrak laugarren aldiz jarraian irabazi du Zumarragako Udalak deitutako Sana Isabel jaietako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa. Azal soila eta garbia aurkeztu du oraingoan ere, Ixabel izena erabilita, letrak zumar hostoekin bete ditu. Lau urteren buruan berritzea zaila ote den galdetuta ezetz erantzun du, “ideiak ez dira inoiz agortzen”. Ez zuen irabaziko zuenik espero, baina bere azaletako bat aukeratu du oraingoan ere Begoña Idiakezek, Iñaki Mariñelarenak eta David Elgeak osatutako epaimahaiak. Lehiaketara hamazazpi lan aurkeztu dira. Izagirrek egitarauaren azalean bere irudia ikusteak ilusio eragiten diola esan du; 5.000 ale kaleratuko ditu udalak.
Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak Zelai Arizti kultur etxeko sarreran ikusgai egongo dira uztailaren 5a bitartean.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide