Urretxuarrak San Joan eguna ospatzen ari dira
Eguraldi ona lagun, Urretxuarrak San Joan eguna ospatzen ari dira Santa Barbaran. Goizean, agintariak txistulariekin eta dantzariekin igo dira eta bertan txalapartariek ongi etorria egin diete. Ondoren, meza egon da, Lurra taldekoek dantza saioa eskaini dute eta Irimora igoera egin dute.
2001, 2002 eta 2003n jaiotakoen artean, emakumezko onena Izaro Tores urretxuarra izan da. Bigarrena Leire Gaztañaga zumarragarra izan da eta hirugarrena Nahia Hurtado zumarragarra. Mutilen artean, Ekain Larrea antzuolarra nagusitu da. Bigarrena Xabier Isasa urretxuarra izan da eta hirugarrena Julen Hurtado beasaindarra.
1999an eta 2000. urtean jaiotakoei dagokienez, bi gaztek bakarrik parte hartu dute: Martin Sagastibeltza urretxuarrak zazpi segundoko aldearekin irabazi dio Aimar Larrea antzuolarrari.
Senior mailan, Beñat Katarain lakuntzarra nagusitu da. Bigarrena Ismail Razga santurtziarra izan da, hirugarrena Ander Ibarguren legazpiarra, laugarrena Imanol Inza zumarragarra eta bosgarrena Xabier Soraluze zumarragarra. Neskei dagokienez, Ainhoa Lendinez elgoibartarra nagusitu da. Bigarrena Virginia Perez gasteiztarra izan da eta hirugarrena Samira Ahbouche santurtziarra.
Bukatzeko, beterano onena David Huebra zumarragarra izan da. Bigarren postuan Jexux Zelaia azpeitiarra sailkatu da, hirugarrenean Santi Benitez urretxuarra, laugarren Jose Luis Elgarresta urretxuarra eta bosgarren Aitor Fernandez bilbotarra. Emakumezkoei dagokienez, Claudia Beobide hondarribiarra nagusitu da. Bigarrena Arantxa Zapata lasartearra izan da.
Bazkaldu aurretik, herri kirol saioa eta bertsolariak ere egon dira. Herri kirol desafioan, Santa Barbara auzoko beteranoak eta giza proba taldekoak lehiatu dira. Beteranoak nagusitu dira. Orain, erromeria egiten ari dira, txistulari, dultzainero, bertsolari eta trikitilariekin. Urretxuarrak 21:00etan jaitsiko dira herrigunera. Festak Gernikako Arbola plazan jarraituko du.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide