Gipuzkoako pentsiodunen eta helduen Duintasuna elkarteak elkarretaratzea egin du eguerdian Urretxu-Zumarragako Areizaga Kalebarren plazan,
Iruzurrik ez! lemapean. Azken urteetan gobernu ezberdinek hartutako erabakiek
adinekoen bizi kalitatea “okerragotu” egin dituztela salatu dute: “erretiratzeako adina luzatu dute, jubilazio sariak murriztu dira, osasun eta arreta zerbitzu publikoak pribatizatzen ari dira…”.
Bestalde,
Euskal Herrirako lege propioa eskatu dute, “autonomia pertsonala sustatuko diguna, arreta publiko, unibertsal, euskaldun eta kalitateko baten eskubidea aitortuko diguna. Izan ere, gaur egun Madrilen onartutako Dependentzia legea ezartzen da Euskal Herrian. Duintasuna elkartearen arabera lege horrek “ez du bermatzen pertsonei dagokien arreta profesionalizatua”.
Gainera, dependentzia legea ez da modu berdinean ezartzen euskal probintzia guztietan, eta irizpide horiek
bateratzeko beharra ikusten du elkarteak. Euskal Herriko dependentzia legeak ondorengo ezaugarriak beharko lituzke Duintasunaren ustez:
- Aukera berdina medikuen tratamendu aurreratuenak jasotzeko.
- Botikak doan jasotzeko aukera berdina.
- Dependentzia legea dagoen estamentu guztietan Helduen Udal Kontseiluen parte hartzea.
- Etxetik gertu egoitzan plaza publikoa izateko aukera berdina.
- Pertsona helduak beren inguru sozialean tratatzea, duintasunez eta ahal den denborarik gehienean.
- Beren gaitasunak murriztuak dituzten pertsona helduen aurka tratu txarrak eta biolentzia erabiltzearen kontra agertzen gara.