Hamaikagarren aldiz antolatu du Zumarragako herri lasterketa Atletas Populares de Argixao taldeak. Igandean izan zen, Euskadi plazan. 60 haur inguruk eta 48 helduk parte hartu zuten, «espero baino gutxiagok», adierazi du Jabier Gomez antolatzaileak. Izan ere, iaz ez zuten lasterketa antolatu, eta jendea berriro parte hartzen hastea «kosta» egiten dela uste du Gomezek.
Gizonezkoetan Roberto Trejo mexikarrak irabazi zuen. 16.19 denboran egin zuen bost kilometroko ibilbidea. Migel Angel Encina legazpiarra izan zen bigarrena, irabazlearengandik 25 segundora. Hirugarren sailkatua ere legazpiarra izan zen, Gaizka Romero. Irabazleak baino 42 segundo gehiago behar izan zituen lasterketa amaitzeko.
Lehenengo emakumezkoa Edurne Elkoroiribe izan zen, oñatiarra (Gipuzkoa), 20.19 denborarekin. Miren Apraiz arrasatearrak (Gipuzkoa) eta Gloria Albarran herritarrak lortu zituzten bigarren eta hirugarren postuak, 20.32 eta 20.58 denborekin, hurrenez hurren. 48 parte hartzaileetatik 11 izan ziren emakumezkoak.
Sailkapen osoa
herrikrossa.com webgunean.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide