Mikel Serrano Zumarragako alkateak 32. Udako Antioko Musikaldia aurkeztu du gaur ermitan. Etzi hasiko den musika zikloan «musikari euskaldunen aldeko apustua» egin dutela azpimarratu du Serranok. Egitarauan nabarmena da apustua erabatekoa dela, izan ere, talde bat ezik beste guztiak euskaldun musikariek osatutakoak dira. Zumarragako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatzen du zikloa.
Guztira bost kontzertu hartuko ditu zikloak. Etzi hasita, larunbatero emanaldi bat egongo da Antioko baselizan. Amaiera Igartubeiti museoan emango diote azken urteetako ohiturari jarraituz. Kontzertu guztietara joateko doaneko autobus zerbitzua jarriko du udalak, hala Antiora igotzeko nola Igartubeitira joateko. Antioko kontzertuak 19:30ean izango dira eta Igartubeitikoa 18:00etan. Autobusa emanaldiak hasi baino ordu erdi lehenago aterako da Elizkaletik.
Informazio osoa bihar Goierriko Hitzaren paperezkoan eta egitaraua
agendan ikus daiteke jada.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide