Gaur arratsaldean Santa Anastasia jaiak aurkeztu dituzte Urretxuko udaletxean. Ekitaldian, Jon Luki alkateak, Maialen Fidalgo zinegotziak eta hainbat taldetako kideek parte hartu dute: Lurra dantza taldeko Edurne Holgado, Uxue Martin eta Igone Nestarrek, artisau erakusketako Xabi Lasak, gastronomia lehiaketako Joxe Jauregik, hip hop jaialdiko Bingen Gomez eta Julen Carronek, Goierri kirol elkarteko Anjel Etxezarretak, bertso eskolako Gorka Azkaratek, Iparragirre Balerdi musika tailerreko Mikel Calderonek, Lizurriturri txistulari taldeko Unai Izagirrek eta Gazte Bideaneko Oier Gabiriak.
Alkateak Santa Anastasia jaiak elkarlanaren fruitua direla azpimarratu du eta Festa batzordean parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkie. Aurtengo jaietan emakumeei protagonismoa emango zaiela aurreratu du eta pregoia Lurra dantza taldeak irakurriko duela ere azpimarratu du. “Festak giro euskaldun eta jator batean ospatzea opa dizuet”, amaitu du. Fidalgok asteburu honetako ekitaldiez hitz egin du. Adinekoentzat antolatutakoak eta Panteras Fest festa feminista azpimarratu ditu. Aurtengo jaietan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna bultzatzeko ahalegin berezia egingo dela azpimarratu du. Hala, astelehenean ipuin kontalari batek berdintasunaren aldeko istorio bat kontatuko du eta txosnetan Beldur Barik gunea jarriko dute. Bertan, informazioa banatuko dute eta aholkuak emango dituzte.
Lurrako ordezkariek Festa batzordeari eskerrak eman dizkiote pregoia irakurtzeko aukeratu dituztelako. Larunbaterako folklore jaialdia antolatu dute eta igandeko Euskal Jaian parte hartuko dute. Folklore jaialdira ez da iragarritako Sardiniako taldea etorriko, Senegalgo bat baizik. Bestalde, Euskal Jaian garai bateko dantzariek ere parte hartuko dute, Lurraren 50. urteurrena dela eta.
Lasak igande goizeko erakusketa basoko lanei buruzko izango dela esan du. Pinua Euskal Herrira iritsi aurretik egurrak osatzen zuen ibilbidea erakutsiko dute. “Basoa plazara eramango dugu. 25 zuhaitz mota baino gehiago erakutsiko ditugu. Baita lanabesak ere. Egurrarekin lan egiteaz gain, ogia egingo dugu eta errautsa erabiliz arropa garbituko dugu. Gainera, artisauak egongo dira eta sagardo egin berria banatuko dugu”.
Jauregik gastronomia lehiaketako izen-ematea larunbat honetan irekiko dela gogoratu du: 11:00etatik 13:00etara, kultur etxean. Lehiaketan Bertatik Bertara produktuak erabiltzen dutenek sari bat jasoko dute. Kultur etxean azalduko diete non eros daitezkeen Bertatik Bertara produktuak. Txartel bat emango diete eta dendetan zigilatu egingo diete, antolatzaileek Bertatik Bertara produktuak erabiltzen ari direla jakin dezaten. Bestalde, aurten kuadrilla bakoitzak hiru ordezkari izango ditu. Bik sukaldari lana egingo dute eta hirugarrenak antolatzaileei lagunduko die. Talde guztiek sari bat jasoko dute.
Hip hop jaialdikoek aurtengoa hirugarren edizioa dela azaldu dute. Bertako eta kanpoko taldeak gonbidatu dituzte eta herritarrak parte hartzera animatu. Jaialdia ostiralean izango da. Goierri kirol elkarteak, berriz, ekitaldi mordoxka antolatu du: bihar saskibaloi taldeak aurkeztuko dituzte, igandean mendi bizikleta martxa egingo dute, 19an xake txapelketa egongo da, 26an plater tiraketa, 27an zikloturisten klasikoa…
Azkaratek ia egunero bertsoak entzuteko aukera egongo dela gogoratu du. Baita ostiral gaueko olinpiar jokoen ordez play-back bat antolatu dutela ere. “Jendea parte hartzera animatu nahi dut”. Calderonek musika bandak txistulariekin eta erraldoiekin kalejira egingo duela, txupinazoan joko duela eta dantzaldia eskainiko duela esan du. Izagirrek, berriz, larunbat gaueko txistulari alardea azpimarratu du.
Bukatzeko, Gabiriak bihar belaunaldien arteko trukaketa egongo dela, hilaren 18rako jolasak eta tailerrak antolatu dituztela eta Euskal Jaiaren egunean karrozeroentzat salda eta txorizoa emango dietela esan du. Berak ere gazteak play-backean parte hartzera animatu ditu.
Horra hor aurtengo Santa Anastasia jaietako egitaraua:
URRETXUKO JAIAK