DEKLARAZIO INSTITUZIONALA
Europa ezin da eskuak gurutzaturik geratu Grezia eta Italiako kostetara Siria eta Irakeko gatazka armatuetik ihesi datozen milaka eta milaka pertsona desesperaturen aurrean. Berandu, eta modu mugatu eta egoistan bada ere, Europar Batasuna (EB) eta bera osatzen duten kideak konturatzen hasi gara trajediaren dimentsioaz, eta neurriak hartzen ere bai jadanik euren mugetatik kanpo dabiltzan pertsona horien emaria bideratzeko.
Nahiz eta oraindik ez den Europako kide bakoitzari dagokion ahalegina zehaztu, Euskadik ezin du geldi egon guztioi eragiten digun errealitate odoltsu honen aurrean. Are gehiago, ezinbestekoa da aurre hartzea etorriko diren errefuxiatu horiei, harrera eta laguntzak prestatuz erantzun ahalik eta azkarrena emateko, bai herritarren aldetik, bai instituzioetatik ere.
Erantzun solidario hau ez da soilik gizatasun eskaera bat; bada, halaber, aitzakiarik gabeko itzultzea: lehen ere emigrazio eta exilioaren drama sufritu behar izan zuten milaka euskaldunek jasotako solidaritatearen ordaina.
Horregatik guztiagatik, Zumarragako Udala osatzen duten Talde Politiko guztiek, aho batez, ondorengo deklarazio instituzionala adostu dugu:
1.- “Zumarragako Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio –udal eta foru aldundiekin batera- Siria eta Irakeko gatazketatik ihesi Espainiara iristen diren pertsonak Euskadin ahalik eta azkarren eta kopuru handienean hartzeko, eta, horretarako, hori ahalbideratuko duen plan bat prestatzeko. Helburu horrekin, harrera-hiri izango diren herrien sareari laguntzeko eskatzen diogu eta dirulaguntza bereziak eratzeko emergentzia egoera honi aurre egiteko.
2.- “Zumarragako Udalak Espainiako Gobernuari eskatzen dio EBren barruan estatu-kideek errefuxiatu kopuruak zehazteko dituzten negoziazioetan posizioa malgutzeko; alegia, eskuzabal eta posizionamendu zekenik gabe joka dezala asilo politikoa eskatzen duten pertsonekin.
Horrez gain, EBri eskatzen diogu –kontuan hartuta izan dituen ardurak ekialde hurbileko inguru horien desestabilizazioan eta giza-exodoan- giza-krisi honi erantzun aktiboa eman diezaiola solidaritate eta giza-justizia printzipioetatik.”
3.- “Zumarragako Udala errefuxiatuekin zuzenean lan egiten duten elkarteei ekonomikoki laguntzera konprometitzen da”.
4.- “Zumarragako Udala harrera-hiri delakoaren sarera batzera konprometitzen da. Ondorioz, harrera dispositiboak prestatuko ditugu eta ditugun baliabideak (materialak, giza-, ekonomikoak) eskaini. Horrez gain, herritarrok gonbidatzen zaituztegu, bakoitzaren posibilitatearen arabera, errefuxiatuen laguntzan inplikatzera eta kolaboratzera”.