Arte, ekologia eta lurra izenekin osatu du
Artecolur hitza Oscar Jimenezek bere erakusketari titulua jartzeko. «Egiten dudana azaltzeko hitz ezinhobea da, dagoeneko marka gisa erregistratu dut», dio oreretarrak. Oinarria biomimetika da, hau da, natura ispilu hartzea teknologiari lotutako hastapenak egiteko. Izan ere, naturak aspaldi konpondu du gizakiak oraindik konpontzeko dituen arazo bat baino gehiago.
Teknologia berriak sortzeko inspirazio iturria izan ohi da natura. Jimenezek adibide bat ipini du:
«Kristalarekin lan egiten dutenek olagarroaren tentakuluen gisako tresnak erabiltzen dituzte».
Ekologiaren gaineko kezkaren bidetik iritsi da Jimenez biomimetikara, «energia burujabetzaren inguruan ikertzen hasi nintzen. Sakelakoak kargatzeko moduak, argia sortzeko bideak… Hala hasi nintzen energia lortzeko tramankuluak asmatzen». Eta asmatu ditu, baita patentatu ere. Esate baterako, sakelakoa kargatzeko ostalaritzan erabili ohi den itzalkina energia iturri bihurtu du,
«kafea tabernan hartzen duzun bitartean sakelakoa kargatu dezakezu. Muskerrek, adibidez, eguzkiaren energia behar dute ezinbestean eta zuhaitzek eguzkiaren energia erabili dute betidanik; areago, zuhaitzak dira naturak dituen eguzki energia hartzaile trebeenak».
Jimenezen asmakizunak erabili dituzte jada. Donostia eta Cadaques oinez lotu dituzten bi mendizalek berak egindako kargagailuak eraman dituzte hala sakelakoak nola GPS gailuak kargatzeko. Himalayara egindako espedizio batean ere erabili dituzte.
Erakusketak argazkiak jasotzen ditu, baita ardoarekin egindako hainbat margolan ere. Argazki horietan natura ageri da dagokion azalpenarekin eta mendiko irudiak txertatu ditu gailuen berri emateko. «Naturan funtzionatzen ez duena desagertu egiten da», amaitu du Jimenezek. Erakusketa gaur inauguratuko dute Zelai Arizti kultur etxeko aretoan, 19:00etan