Hemen dira Urretxuko jaiak. Joan zen astean makina bat ekitaldi egon bazen ere, bihar arratsaldean emango zaie hasiera ofiziala jaiei. Aurten Lurra taldekoek irakurriko dute pregoia, taldeak 50 urte bete dituela eta. Etzi folklore jaialdia eta gastronomia lehiaketa egongo dira, igandean Euskal Jaia ospatuko dute eta igandean Kuadrillen Eguna.
Bihar arratsaldean, beti bezala, haurrentzako hainbat ekitaldi egongo dira: buruhandiak, Sustrai Biziak ikuskizuna, txokolate jana… Txosna batzordeak, urteroko moduan, Kalabazinaren igoera antolatu du. Aurten, Belar Txar pertsonaia sortu dute gertaera bat salatzeko. Aldiri eta Amalurren itxiera salatuko dute. Pregoia 20:30ean izango da.
Gauean idi probak, hip-hop jaialdia eta kontzertuak egongo dira. Gainera, 22:00etan jaialdi salseroa hasiko da. Hori da ostiraleko berrikuntza nagusia. Nahi duten guztiek beraien artista sena erakusteko aukera edukiko dute.
Larunbat goizean abelgorrien erakusketa eta lehiaketa, bertso saioa, 3×3 txapelketa eta entzierro txikia egongo dira. Gainera, 13:15ean, Antton Fernandez urretxuarraren Tio Teronen semeak taldeak
Freshcool ikuskizuna eskainiko du.
Arratsaldeko ekitaldi nagusiak xake txapelketa, gastronomia lehiaketa, idi probak eta folklore jaialdia izango dira. Sardiniako talde bat zegoen iragarrita, baina bere ordez Senegalgo bat etorriko da. Gauean, musika izango da nagusi: Iparragirre plazan txistularien alardea egongo da, Gernikako Arbola plazan Vendetta taldeak joko du eta txosnetan Anestesiak.
Igandean Euskal Jaia ospatuko dute. Goizeko artisauen erakusketa basoko lanei buruzkoa izango da. Arratsaldeko karrozen ibilaldiari dagokionez, aurten hamahiru karroza irtengo dira. Udalak dagoeneko eman du ezagutzera karroza bakoitzak zein gai landu duen: pertsonen salerosketa, euskal mitologia, justizia eza, kutsadura, odol emaileen beharra, herriko tabernen itxiera…
Astelehenean, urretxuarrek Kuadrillen Eguna ospatuko dute. Beti bezala, haurrentzako ekitaldiak, bazkaria eta kuadrillen arteko jolasak egongo dira. Santa Anastasia jaiak Kantu Afariarekin amaituko dira. Aurten, Niko Etxart gonbidatu dute.
Urretxura etorri nahi dutenek erraztasun handiak izango dituzte. Izan ere, trenaz gain, autobusak egongo dira. Bihar, 02:55ean eta 05:25ean, Beasainera eta Ordiziara itzultzeko autobusak egongo dira. Legazpi eta Urretxu artekoak, berriz, bihar eta etzi ibiliko dira: 23:30etik 06:00etara, ordu erdiro.
Horra hor egitarau osoa:
URRETXUKO JAIAK