Urretxuko presoen familiei eragiten die epaiak.
Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak helegitea jarri zuen Urretxuko Udalaren aurka, 2014ko udal aurrekontuetan presoen familiartekoentzako 6.000 euroko partida bat zegoelako. Urkijori arrazoia eman dio Donostiako epaitegi batek. Ondorioz, iaz diru laguntza jaso zuten presoen familiartekoen dirua berreskuratu beharko du Urretxuko Udalak.
Jon Luqui alkateak Goierriko Hitzari azaldu dioenez, «epaiaren argudioa da, udalak ez duela diru laguntzen plan estrategikoa delakoa onartuta. Aurtengo aurrekontuarekin ere arazo bera edukiko dugu».
Epaia bete egin beharko dutela adierazi du Luquik: «Hamabost egun barru irmoa izango da epaia. Derrigorrean bete beharrean gaude».
Egoera horren aurrean, alkateak aurreratu duenez, Urretxuko Udala osatzen duten gainerako alderdi politikoekin gaia aztertuko du egunotan. «Udaleko alderdi guztien artean legezko bide bat bilatzea da erronka», gaineratu du.
Presoen sendiartekoekin ere harremanetan jarriko dela jakinarazi du. Urretxun hiru euskal preso daude: Ismael Berasategi, Ainhoa Barbarin eta Joseba Segurola.
Epaia lekuz kanpo
Luqui alkatearentzat horrelako helegiteekin «Urkijo jauna bere curriculuma ari da lantzen, baina nire ustez ez da horretan ibiltzeko momentua. Horrekin ez dut ukatzen ez memoria, ez dut ukatzen astakeria asko egon denik, alde horretatik ez dut inoren leziorik jaso beharrik. Urkijo trenaren kontra doala dirudi; beste jende asko beste bide batetik doa, suabe-suabe, jakinda bidea zaila dela».
Presoen sakabanaketak familiari eta bere inguruari sortzen dion zigorra bikoitza dela uste du: «Presoa bere zigorra betetzen ari da. Baina ez dut ikusten logikoa, familia eta bere ingurua, derrigorrean hor sartzea».