Urretxu eta Zumarragako EH Bildu, Irabazi eta PSE-EE alderdiek antolatuta, frackingaren inguruko erakusketa irekiko dute bihar, asteareta, Zumarragako kultur etxeko erakusketa aretoan. Igandera arte ikusi ahalko da erakusketa, eta ostegunean, urriak 15, Fracking Ez! taldeko kide batek hitzaldia egingo du Zelai Ariztin bertan. 19:00etan izango da.
Hiru alderdiek gogoratu dute hidrokarburoak aurkitzeko eta ustiatzeko apurketa hidraulikoa bezala ezagutzen den teknika gai eztabaidatua izan dela azken urteotan, eta ugariak izan direla instituzioetatik eta herri mugimenduetatik teknika honen aurka egin diren dinamikak.
Hala, herritarren artean informazioa eta ezagupenak zabaltzen jarraitzeko antolatu dute erakusketa eta hitzaldia, eta jakinarazi dutenez, bai Urretxuko eta bai Zumarragako udaletan mozio bana aurkezteko lan egiteko konpromisoa dute.
Erakusketaren ordutegia:
- Astelehenetik ostiralera: 17:30etik 20:30era.
- Larunbatean eta igandean: 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide