Lurra dantza taldeari esker, hainbat garagardo dastatzeko aukera dago Ederrena pilotalekuan asteburu osoan zehar. Atzo hasita, Garagardo Festa ari da ospatzen Urretxun.
Ederrena pilotalekuko ateak 17:00etan ireki zituzten atzo, eta jende ugari hurbildu zen bertan eskaintzen ziren 20 garagardoak eta jatekoak dastatzera. Gaur, 16:30ean irekiko da garagardo azoka, mus txapelketa hastearekin batera. Nahi duten guztiek parte har dezakete musaldian, eta izen-emateekin jasotako diru guztia bikote onenen artean banatuko dute.
Aurten 20 garagardo daude dastagai, tartean sei artisau erara egindakoak. Ohiko pitxarrez gain, zuritoak ere badaude aukeran, 2,2 euroan bakoitza, edo 10 euroan bost.
Afariak ere ematen dituzte, eta iazko arrakasta ikusita, aurten ere pizzak badaude, horrelako festetan ohikoa den menuarekin batera: bi lagunentzako, 25 euroren truke, ukondoa, purea, bi saltxitxa, bi postre eta bi pitxar garagardo.
Urretxuko Lurra dantza taldeko lagunek musika eta pantaila erraldoia ere jartzen dituzte, festa girotzeko. Bihar izango da Garagardo Azoka honen azken eguna.