UGGASA Urola Garaiko Mankomunitateak ekintzaileei zuzendutako ikastaroa antolatu du. Negozio ideia berriren bat dutenei zuzendutako ikastaroa izango da, azaroaren 12an hasi eta otsailaren 12ra bitartean. Astean bi egunetan izango dira tutoretza intentsiboko saioak, eta ikastaroan proiektuaren Bideragarritasun Plana egiteko aukera egongo da.
Horretarako, UGGASAk baliabideak eta esperientzia jarriko ditu ikastaroan parte hartzen dutenen esku, eta proiektu ezberdinak garatzeko ideia dutenen arteko lankidetza. «Behin ikastaroa amaituta, eta beharrezko baldintzak betez gero, Lanbidek 1.000 euroko diru laguntza emango dio ekintzaile bakoitzari (emakumeei edo 18 eta 25 urte bitartekoei %15 gehiago)», mankomunitatik zehaztu dutenez.
Bederatzi baldintza
UGGASAren ikastaroan norberak bere negozio ideia borobiltzen eta zehazten ikasiko du, eta formakuntza taldekakoa izango denez, «jendearen ekarpenak eta iritziak» jasotzeko aukera ere egongo da. Proiektua garatu eta laguntza jasotzeko, baina, beharrezkoa izango da bederatzi baldintza betetzea.
Esaterako, derrigorrezkoa izango da langabezian eta Lanbiden izena emanda egotea. Formazio saio hauetan izena emanda, ezingo da bestelako lanik egin, eta «esklusiboki prestakuntza honetara dedikatu beharko da». Gainera, derrigorrezkoa izango da prestakuntza saio guztietara joatea. Ikastaroaren amaieran, gainera, proiektuari dagokion bideragarritasun plana edo lan jardueraren memoria aurkeztu beharko da.
Hemeretzi dirulaguntza
Hirugarrenez antolatu du ikastaro hau mankomunitateak, eta aurten 19 laguntza emango dituzte. Izena emateko 943 72 58 31 telefono zenbakira deitu behar da (Amaia) edo
sortzen@uggasa.com helbidera idatzi.