Udazken bete-beteko jaki bat goratuko dute, igandean, Zumarragan. Buzkantza edo mondeju beltza, ardi odolez, gantzaz eta barazkiz egiten den hestebetea izango da izarra. Zumarragako 33. Buzkantza Eguna ospatuko dute, horren aitzakian, Euskadi enparantzan. Jose Mari Busca Isusi gastronomo zena oroitzeko 30. urtea izango da.
Zumarragako plaza nagusian 11:00etatik 14:00etara atonduko dute gunea. Lehiaketarik ez da izango aurten ere, 2013an utzi baitzioten ukitu hori emateari. Dastaketa izango da, eta lau harakin profesionalek parte hartuko dute: Fernando Salegi zumarragarrak, obradorea Ezkio-Itsason daukan Jesus Mari Debak, harategiak Beasainen eta Ordizian dituen Mujika Odolkiak etxeak, eta Lermako (Burgos, Espainia) Alfredo Alonsok.
Buzkantza pintxoak banatuko dituzte, eta sortak erosteko postuak ere jarriko dituzte, plazan.
Bidarte Berri tabernako Ander Garcia de Albeniz eta Marisol Bidarte, iazko pintxo lehiaketaren irabazleak.
Pintxo bereziak tabernetan
Buzkantzak egiteko ohitura —eta, halabeharrez, jatekoa— asko urritu da azken hamarkadetan. Garai batean estimu handia zuten, eta Zumarragan harakin guztiek egiten zituzten, etxean. Gaur egun, Salegik bakarrik segitzen du langintzarekin.
Tradizioa galtzen ari da, lan asko eskatzen duelako. Ekoizle faltagatik, duela bi urte lehiaketa egiteari utzi zioten. Harrezkero, eta buzkantza ahazten ez uzteko, dastaketa-salmenta antolatu ohi du Zumarragako Udalak.
Parez pare, indarra hartu duena tabernetan garatzen duten pintxo lehiaketa da. Osagai nagusi buzkantza izan behar dute. 11. ekitaldia antolatu dute.
Zumarragako hamabost tabernak parte hartuko dute buzkantza-pintxoen lehiaketan: Alaska, Alexander, Arkupe, Berri, Bidezar, Bordatxo, Hirukia, Iburreta, Kakueta, Kortaberri, Monterrey, Saski, Txanpon, Xaloa eta Ziabogak.
Etzi, 19:00etatik 21:00etara eta larunbatean eguerdian —12:00etatik 14:00etara— eta iluntzean —19:00etatik 21:00etara— mugatu dute pintxo lehiaketaren garaia.
Zumarragarekin batera, Aralar aldea da mondeju beltzak egiten dituzten beste eremua.