Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarrak talde berria du, Malandro Club du izena, eta bihar beraien lehen diskoa aurkeztuko dute Urretxuko Labeaga aretoan. Emanaldia 22:30ean hasiko da eta sarrerak 21:30etik aurrera salduko dituzte aretoan bertan. Sarrerek 10 euro balio dute. Gazte Txartela aurkezten dutenek 7 euro bakarrik ordaindu beharko dute. Emanaldi hau Urretxu eta Zumarragako udalek antolatu dute.
Malandro Club Alberto Vaquero tronpeta-jotzaileak, Javier Mayor de la Iglesia kontrabaxu-jotzaileak eta Hermosak osatzen duten taldea da. Beraien lehen diskoa argitaratu berri dute, hirukotearen izen berekoa Lan horretan, jazza, Iberiar Penintsulako folklorearekin, tangoarekin eta musika klasiko garaikidearekin uztartu dute.
Gorka Hermosaren talde berriaren diskoan ospe handiko lau musikarik ere kolaboratu dute: Jorge Pardo flauta-jotzaileak, Iñaki Salvador piano-jotzaileak, Alba Carmona abeslariak eta Borja Barrueta bateria-jotzaileak.
Jorge Pardok Paco de Lucia gitarra-jotzailearekin jo zuen eta Europako jazz musikari onenari saria irabazi zuen 2013. urtean. Musikari honen esanetan, Malandro Club taldearen «maila bikainak eta bere fantasiak eta soinuak entzulea mundu ezberdin batera daramate».
Iñaki Salvadorri dagokionez, punta-puntako jazz musikaria da. Bi aldiz hautatu dute Max antzerki sarietarako, eta urte luzetan Mikel Laboaren kolaboratzaile estuenetako bat izandakoa da.
Alba Carmona, berriz, Las Migas taldeko abeslaria da eta bera da kantu flamenko titulua eskuratu zuen lehena. Borja Barruetak, azkenik, Jorge Drexlerrekin jotzen du, besteak beste, eta bihar Urretxuko kontzertuan joko du, Hermosa, Vaquero eta Mayorrekin batera.
Labeaga aretoan eman behar dutena, Malandro Club talde osatu berri honen bigarren kontzertua izango da. Lehenengo emanaldia Astillero herrian (Kantabria, Estatu espainiarra) emango dute gaur bertan, grabatu duten lana aurkeztuz. CDa
malandroclub.com atarian dago salgai 10 euroan.
Hurrengo kontzertuak
Urretxun jo ondoren, Donostian, Santanderren, Salamancan eta Madrilen ere joko dute Malandro Clubekoek. Bestalde, Txilera eta Finlandiara joateko asmoa ere badute.