Amatasuna, gaizki ikusita egotea, unibertsitatera joan ezina, etxeko andre lanetara mugaturik egon beharra… Horiek dira historian zehar emakumeek aurkitu dituzten oztopoetako batzuk literatura idatzi ahal izateko. Hala azaldu du Jose Domingo filosofia eta literatura irakasleak. Horrek ez du esan nahi, ordea, historian zehar emakume idazlerik egon ez denik, oztopoak oztopo literaturari beren ekarpenak egin dizkioten emakume ugari izan baitira. Bihartik aurrera, emakume idazle horien lanak aztertuko dituzte Literatura, mujeres escritoras ikastaroan, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean.
Gueske elkarteak antolatu du ikastaroa, Goierri eta Urola Garaiko esperientzia eskolako ikasle ohien elkarteak, eta Domingok gidatuko du. Azken urteetan Domingok hainbat ikastaro eman ditu Zumarragan Gueskeren eskutik. Iaz prentsa eta literaturaren ingurukoa izan zen; aurten, literatura eta emakume idazleen ingurukoa.
XVIII. mendetik aurrerako emakume idazleen lanak aztertuko dituzte ikastaroan. «Lehenago ere baziren emakume idazleak, noski, baina nahiago dut hain atzera ez egin, ikasleek gertuko gai bezala senti dezaten», azaldu du Domingok. Olimpia de Gouges eta Rosalia de Castroren lanak aztertuko dituzte, esaterako. «De Gougesek emakumeen eskubideen aldeko lan handia egin zuen». Ikastaroaren zati handiena, ordea, XX. mendeko emakume idazleen inguruan izango da: Virginia Woolf, Gloria Fuertes, Isabel Allende…
Ikastaro parte hartzailea
Domingoren nahia hitzaldi parte hartzaileak egitea da. «Testuak banatuko ditut denon artean aztertzeko, eta ikus entzunezkoak jarriko ditut posible denean, bideoan ikustea eraginkorragoa baita nik hitzez azaltzea baino». Helburua da emakume horiek idatzitako testuak aztertuz, izan zituzten oztopoak eta bizi zuten egoera ulertzea. Eta, bide batez, hausnartzea.
Gehienbat poesia aztertuko dute. Izan ere, Domingoren hitzetan, historian zehar emakumeek gehiago idatzi izan dituzte barrura begirako testuak. «Gaizki ikusita zegoen emakumeek kanpora begirako idatziak egitea, nobelak edo halakoak». Horregatik, poesia edo oso testu intimoak idazten zituzten gehienetan, eta horiek izango dituzte aztergai. «Interesgarria da poesia denon artean aztertzea, irakurketa bat baino gehiago egin daitezke eta».
IKASTAROA
- Izena. Literatura, mujeres escritoras.
- Hizlaria. Jose Domingo filosofia eta literatura irakaslea.
- Egunak. Azaroaren 5, 12, 19 eta 26. Ostegunak.
- Ordutegia. 10:15etik 12:30era.
- Lekua. Zumarragako Zelai Arizti kultur etxea.
- Sarrera. Doakoa. Ez dago izena eman beharrik.