Goierriko EH Bilduren ustez, EAJren eta PSE-EEren erabakien ondorioa da Sasieta Mankomunitatearen egungo egoera: 1,6 milioi euroko zorra. Halaxe adierazi zuten urriaren 19an Lazkaon egindako prentsaurrekoan, eta Sasietaren eta
GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren arteko hitzarmena bertan behera uztea leporatu zioten EAJri —Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea da egun mankomunitateko lehendakaria–. EH Bilduren arabera, hitzarmen hura “alternatiba” zen zorrari aurre egiteko.
EH Bilduren salaketei erantzun die orain Goierriko PSE-EEk, eta “prentsaurrekoen atzean ezkutatu ordez”, zorpetzearen arrazoiak azaltzera etortzeko gonbita egindio EH Bilduri.
Mikel Serrano Sasieta Mankomunitateko batzorde exekutiboko kideak eta Zumarragako alkateak egin du agerpena, Ricardo Lozano, Oscar Valbuena, Santi Urdanpileta, Javier Martinez eta Arantxa Gonzalezekin batera. Zumarragan egin zuten agerraldia, herenegun.
Serranoren hitzetan, EH Bilduk ez du azken lau urteetan egindako “kudeaketa kaskarraren” kargu egin nahi, eta
“gezur handiak” esatea leporatu die. Sozialisten esanetan,
urriaren 26ko mankomunitatearen batzarrera joateko gonbita egin zitzaion Azeari Sumakila Andonegiri, 2011-2015 bitartean Sasietako Mankomunitateko lehendakaria izan zenari, zorpetzearen azalpenak eman zitzan, baina ez zen agertu.
GHKrekin harremanetan, irtenbideren baten bila
Bestalde, Serranok esan du Sasietako zuzendaritza harremanetan dagoela GHKrekin, abendura bitartean mankomunitatearen egoera ekonomikoari aurre egiteko irtenbideren bat topatzeko. “EAJri eta PSE-EEri tokatzen zaigu orain EH Bilduk utzitako oinordetzari aurre egitea; ez du balio beste alde batera begiratzeak”.
Zumarragan, esaterako, %15 igoko dute zaborraren tasa, zorrari aurre egin ahal izateko.