Ostadar Mendi Taldeak 28. Mendi Astea antolatu du datorren asterako, asteazkenetik igandera. Aurreko urteetan baino ekintza gutxiago antolatu dituzte, baina «kalitate handikoak». Besteak beste, mendiari lotutako argazkiak ikusteko aukera izango da, bai herritarrenak, baita kanpoko argazkilarienak ere. Dudarik gabe, argazkilaritza da aurtengo mendi astearen protagonista.
Ekitaldi aipagarriena
Javier Camachoren argazkien emanaldia da, datorren asteazkenean Zelai Arizti aretoan egingo dutena. «Himalayan ateratako argazkiak erakutsiko ditu, kalitate oso handikoak; merezi du ikusteak», adierazi du Jon Mikel Insaustik, Ostadar Mendi Taldeko kideak.
Iruñekoa da Camacho, eta bi zaletasun partekatzen ditu: mendia eta argazkilaritza. Sei zortzimilako ditu igota, eta hainbat argazkilaritza lehiaketa irabazita. Besteak beste, Ostadarrek antolatutako mendiko argazki lehiaketak irabazi zituen 2011n eta 2012an.
Mountain Dreams emanaldian —euskaraz, mendiko ametsak—, espedizio ezberdinetan ateratako argazkiak erakutsiko ditu. Mendiaz gain, mendien magaletan aurkitu izan dituen herrixken eta hango jendearen argazkiak ere bai. Argiarekin jokatzen du Camachok, eta gauez ateratako argazki asko ditu.
Rio Tinto erakusketa
Herrian bertan ere badira, ordea, argazkilari onak, eta aukera izango dute Ostadarren Mendi Astean haien argazkiak erakusteko. Azaroaren 12az geroztik Rio Tinto erakusketa dago Zelai Arizti kultur etxean. Bost argazkilariren lanak ikus daitezke erakusketan, tartean
Carlos Mediavilla urretxuarrarenak eta Iosu Garai legazpiarrarenak. Josu Fernandez, Cesar Lera eta Diego Lopez dira beste hiruak. Azaroaren 29ra arte egongo da irekita.
Iazko ekainean Rio Tintoko (Huelva, Espainia) meategietan ateratako argazkiek osatzen dute erakusketa. Lau egun pasa zituen han boskoteak, argazkiak ateratzen. «Izugarri ederra izan zen; begiratzen zenuen lekura begiratzen zenuela, argazkia ateratzeko zerbait interesgarria ikusten zenuen», azaldu du Mediavillak.
Koloreekin, meategiko urak sortzen dituen mugimenduekin eta texturekin jokatu dute, batez ere. «Argazki gehienetan xehetasunaren bila joan gara». Lehen aldiz jarri dute erakusketa herrian. Aurretik, ordea, Tafallan (Nafarroa), Donostian eta Soraluzen (Gipuzkoa) egon da ikusgai.
Argazkiekin jarraituz,
Juan Mari Gabilondo Zumarragako mendizaleak ere bere argazkiak erakutsiko ditu datorren asteazkenean, Urretxuko Aizpuruenea kultur etxean. Urtero parte hartzen du Gabilondok Ostadar mendi astean, Euskal Herriko Mendiak diapositiba emanaldiarekin. «Lehenengo urtean izan ezik, beste edizio guztietan parte hartu du», esan du Insaustik.
Irteerarako izen ematea
Bestalde, haurrengan ere argazkilaritzarako afizioa ereiteko asmoz,
Haur Argazki Rallya antolatu dute aurten seigarrenez. Azaroaren 1ean Anjel Etxeberriaren oroimenez egindako irteeran atera zituzten argazkiak, Irimon eta Zazpi Puntetan. Guztira 46 haurrek parte hartu dute, eta datorren ostegunean egingo dute sari banaketa.
Dena ez da, ordea, argazkilaritza izango. Mendi astea bukatzeko,
ibilaldia egingo dute igandean, Aizkorri parke naturalera. Arantzazutik abiatuko dira, eta honako lekuetatik pasako dira: Duruko saroia, Malla, Ezkista aterpea, Biozkornia, Artzanburu trikuharria, Iferrutz lepoa, Enaitz, Urbia, Elorrola lepoa, Otxarriko basoa, eta buelta Arantzazura. Gero, Arantzazuko Sindikan bazkalduko dute.
Autobusa 08:00etan aterako da Elizkaletik. Azaroaren 27rako eman behar da izena, bai ibilaldirako, baita bazkarirako ere. Mendi astean zehar antolatutako ekitaldietan eman ahalko da izena.
EGITARAUA.
Azaroak 25, asteazkena. 20:00etan, Euskal Herriko Mendiak. Juan Mari Gabilondoren argazkien erakustaldia.
Azaroak 26, osteguna. 20:00etan, Haur Argazki Rallyaren sari banaketa. Urretxuko Labeaga aretoan.
Azaroak 27, ostirala. 20:00etan, Mountain Dreams. Javier Camacho mendizalearen argazki erakustaldia. Zumarragako Zelai Arizti zinema aretoan.
Azaroak 28, larunbata. 19:00etan, batzar nagusi orokorra. Zelai Arizti kultur etxean.
Azaroak 29, igandea. 08:00etan, mendi irteera Aizkorriko parke naturala.