Zumarragako Udalak urriaren hasieran ekin zien Iparragirre hiribideko plaza eta inguruak berritzeko lanei. Martxa onean doaz aurrera, eta Santa Lutzi egunerako bukatuta izatea espero du Mikel Serrano alkateak.
Plazako lanen zatirik handiena eginda dago dagoeneko: maila berean jarri dituzte plaza eta atariak, espaloia zabaldu dute –horretarako plaza ertzeko aparkalekuak kenduta– eta zabor ontziak lurperatu dituzte. Argiteria berria eta zoruko baldosa batzuk jartzea baino ez da falta.
Egun hauetan, bestalde, Iparragirre hiribideko plaza eta trintxera lotzen dituen espaloian ari dira lanean. Baldosa berriak jartzeaz gain, plazarako sarrera zabaltzen ari dira. Kasu honetan ere maila berean jarriko dituzte espaloia eta plaza, lehen zeuden eskailerak kenduta.
«Amaitzen dutenean, pentsatzen dut lanak onerako izango direla ostalariontzat»
Juan Luis Sanz (Izaskun kafetegia)
«Espaloia zabalduta eta zabor ontziak lurperatuta, espazio zabalagoa geratu da»
Mikel Serrano (Alkatea)
Zelai Ariztiko parkea eta La Salle-Legazpi ikastetxe ingurua lotzen dituen espaloia berritzea eta baranda berria jartzea izango da hurrengo urratsa. Santa Lutzi eguna pasatakoan hasiko dira fase horrekin.
Helburua: irisgarritasuna
Serranok azaldu duenez, Iparragirre hiribideko lanen helburua irisgarritasuna bermatzea da, baita espazio gehiago izatea ere. «Espaloia zabalduta eta zabor ontziak lurperatuta, espazio zabalagoa geratu da oinezkoentzat». Plaza erdian zegoen jardinera ere kendu egin dute, plazari «iluntasuna» ematen ziolako. «Lanak amaitutakoan pentsatu beharko dugu nolako jardinera, bankuak… jarri».
Plazako ostalariek eskatuta hasi zituzten lanak udazkenean. Izan ere, uda garaian terraza jartzen dute bai Monterrey tabernak, bai Izaskunek. «Momentuan lanak ezatseginak badira ere, amaitzean pentsatzen dut onerako izango direla ostalariontzat», adierazi du Izaskun tabernako Juan Luis Sanzek. «Terraza jartzeko garaian, adibidez, abantaila da plaza eta taberna maila berean egotea».