Oskorri taldearen txoko kuttunenak Bilboko Plaza Barria eta Arriaga antzokia dira, baina talde honetako kideek Euskal Herria osoan egin dituzte lagunak eta gainontzeko herrialdeetan ere badituzte txoko kuttunak. Urretxu, adibidez. Izan ere, 1999ko ekainaren 26an Iparragirre bueltan etxera diskoa grabatu zuten Gernikako Arbola plazan, urretxuarrekin batera.
Nahi zuten urretxuar guztiek parte hartu ahal izan zuten, baina parte hartzaile berezi batzuk izan ziren: Sekundino Esnaola musika eskolako orkestra, Iparragirre Balerdi musika tailerra, Urretxuko txistulariak, musika eskolako trikitilariak, Iratzarri dultzainero taldea, Urretxuko folk taldea (Juan Luis Aranburu eta Xabier Barriola), San Martin, Pagoeta eta Goiargi abesbatzak eta erraldoien konpartsa. Gainera, Andoni Salamerok esatari lana egin zuen abesti batean.
24 kanta grabatu zituzten eta grabaketa CD eta kasete formatuetan argitaratu zuten. Prestaketa lanek hilabeteak iraun zituzten eta Oskorrikoek udalaren laguntza izan zuten. Miren Castillo Kultura teknikariak kontzertu gogoangarri hari buruz hitz egin du Hitzarentzat.
Oskorri taldeak Iparragirreren kantak grabatu nahi zituen eta egokiena Urretxuko herriarekin elkarlanean egitea zela iruditu zitzaien. Udalarekin harremanetan jarri ziren eta honek bilera bat egin zuen herriko taldeekin. «Egitasmoari baiezkoa eman zioten eta lanean hasi ginen. Entseguak Labeaga antzokian egin genituen. Talde bakoitzak bere egunak eta orduak zituen. Prozesu luzea izan zen. Ordu asko sartu genituen eta dena koordinatzea ez zen erraza izan».
Ahaleginak merezi izan zuen. «Oso esperientzia aberasgarria izan zen: Iparragirre urretxuarra zelako eta oso jende profesionalarekin lan egin genuelako. Gainera, Natxo oso perfekzionista da, baina atsegina ere bai. Pazientzia handia du eta traturako asko balio du. Guztien onena ateratzen jakin zuen. Gainera, giroa oso ona izan zen. Urretxuarrek gozatu egin zuten».
Bere lana ez zen ekainaren 26an bukatu: Oskorrikoek 1999ko ETBrentzat grabatu zuten Gabonetako saiora gonbidatu zituzten udal ordezkariak, diskoa promozionatzeko. Ekitaldia Kursaalen grabatu zuten eta Pello Gonzalez alkateak, Jon Aldama Kultura zinegotziak, Santi Gutierrez eta Jose Mari Lasa txistulariek, Miren Castillo kultur teknikariak eta Kizkitza Ugarteburu herritarrak parte hartu zuten. «Zorionez, kantua Urretxun bertan grabatu genuen, banaka. Jose Mari Lasak bi ahalegin bakarrik behar izan zituen, baina beste batzuei gehiago kosta zitzaigun. Kameren aurrean play-backa egin genuen. Erraza dirudi, baina ahoa dagokion unean ireki behar da!», dio txantxetan.
Ordutik, Natxo de Feliperekin harremana izan dute eta aurten Santa Anastasia jaietako kantu afarian parte hartzera gonbidatu dute. «Zikloa bukatzeko hiriburuetan kontzertuak ematea bakarrik aurreikusten zutela esan zidan. Gustura etorriko litzatekeela, baina Urretxura etorriz gero, gainontzeko toki guztietara joan beharko litzatekeela esan zidan. Ederki asko ulertu nion, noski».
Castillok Oskorri taldea miresten du. «Pena ematen dit Oskorri desagertzeak, baina guztiok merezi dugu atsedena. Gainera, beraiek egin duten lana oso ondo gordeta gelditu da. Ikaragarrizko ondarea utzi dute. Ez dira joan, beraz».