Abenduko feria ospatuko dute gaur arratsaldean Urretxun
Gaur arratsaldean abenduko feria ospatuko dute Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Feriari 15:00etan emango zaio hasiera. Ordu horretan, Urretxuko eta inguruko herrietako baserritarren elkargune bihurtuko da plaza. Abereak eramango dituzte bertara: ardiak, ahuntzak… Abereak eramaten dituztenen artean txekor bat, lanabesak eta bertako produktuen saski bat zozketatuko dituzte.
Urretxuko Udalak bi feria antolatzen ditu urtero: martxokoa eta abendukoa. Batak udaberriari ongi etorri emateko balio du eta besteak neguari ongi etorria emateko. Biak aspalditik egiten dira.
Urretxuko eta inguruko baserritarrek oso gogoko dituzte bi feria hauek, Santa Lutzi eguneko azoka masifikatuak ez bezala, lagun zaharrekin elkartzeko eta lasai hitz egiteko aukera ematen baitie.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide