Atzo abenduko feria ospatu zuten Urretxuko Gernikako Arbola plazan. Urretxuko eta inguruko baserritarrak elkartu ziren. Abereak eraman zituzten eta txekor bat, lanabesak eta bi otar zozkatu zituzten.
Santa Lutzi egunekoaz gain, Urretxun bi feria antolatzen dituzte aspalditik: martxokoa eta abendukoa. Batean udaberriari ongi etorria ematen diote eta bestean neguari. Biek Urretxuko eta inguruko herrietako baserritarrei elkartzeko eta berriketan egiteko aukera ematen diete.
Gainera, ganadua eraman zutenen artean txekor bat zozkatu zuten, emakumeen artean bi otar eta parte-hartzaile guztien artean lanabesak. Txekorra Zumarragako Agerre Etxeberri baserriko Txomin Lizarraldek irabazi zuen. Udalak emakume baserritarrei egiten duten lana eskertu nahi die.
Baserritarrek oso gogoko dute feria hau, Santa Lutzi egunekoak ez bezala, inoren bultzadarik jaso gabe eta inori enbarazu egin gabe lasai egoteko aukera ematen baitu.
Haurrek ere oso gustuko dute. Haur gehienei abereak asko gustatzen zaizkie eta abenduko ferian gertutik eta lasai asko ikus ditzakete. Atzo ume asko Gernikako Arbola plazara joan ziren eskolatik irten bezain laster.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide