Bi Tartean Merkatarien Elkarteko teknikaria da Aitor Mendia (Zumarraga, 1988) duela hiru urtez geroztik, eta gertutik ezagutzen du herriko merkataritza txikia. Urretxu-Zumarragan «komertzio ona» dagoela uste du, eta behar dugun guztia herrian erosteko aukera dugula baieztatzen du, kanpora atera gabe.
Bi Tarteanek zein lan egiten du herrian?
Helburu nagusia herriko merkataritza sustatzea da, eta ahal dugun neurrian beraiei laguntzea. Bi eremu lantzen ditugu. Batetik, herri mailako dinamizazio ekintzak: kanpainak, stock azokak… Eta, bestetik, lan administratiboan laguntzen diegu, adibidez, diru laguntzak eskatzen. Alde administratibo horri dagokionean, bazkide direnei eta ez direnei laguntzeko gaude. Bi Tarteanen bulegoa ez da soilik bazkideentzat —momentu honetan 97 dira—, herriko merkatari guztientzat baizik. Ateak irekita dituzte informazioa edo laguntza eskatzeko.
Urtean zehar hainbat kanpaina antolatzen dituzue. Nola prestatzen dira kanpaina horiek?
Askotan beste herri batzuetan ongi funtzionatzen duten gauzak hona ekartzen ditugu. Bulego sare bat daukagu, eta informazio asko trukatzen dugu. Harremana oso ona da. Eta bestela, buruari bueltak emanda. Kanpaina denek ez dute harrera bera izaten, eta batzuek ez dute uste bezain ondo funtzionatzen. Baina horiek ez ditugu errepikatzen, eta kitto.
Nola jakiten duzue kanpaina batek funtzionatu duen ala ez?
Merkatariek egiten dituzten balorazioak hartzen ditugu kontuan, eta bezeroek ere ematen digute iritzia. Adibidez, poltsa kanpaina egin genuenean, ez genuen horrelako harrerarik espero, eta astakeria bat izan zen. Bai merkatariei eta bai bezeroei asko gustatu zitzaien. Ez dute zertan kristoren kanpainak izan behar gustatzeko, inoiz ez da jakiten.
Nolakoa da merkataritza txikiaren egoera gaur egun?
Ez dago egoera onenean, baina denetik dago. Guk dugun zorterik handiena da inguruan ez daukagula merkatal zentro handirik, eta Donostia ez dugu oso gertu. Zailagoa da kanpora joatea, nahiz eta egia den herritik kanpo egiten den gastua oso handia dela. Bestalde, Interneten eragina izugarria da. Batez ere gazteek, sarean egiten dituzte erosketak.
Gabonetan erosketek gora egingo dute, ezta?
Bai, Gabonak oso garrantzitsuak dira merkatarientzat, diru gehiago mugitzen delako. Hori dela eta, indar berezia egiten saiatzen gara gastua herrian gera dadin. Orain, adibidez, bono kanpaina dugu martxan. 40 euro ordainduta, 50 gastatzeko aukera dute bezeroek Bi Tarteaneko dendetan. Merkatariek ahalegin berezia egiten dute, izan ere, 800 bono salduko ditugula kontuan izanik, merkatariak 8.000 euro oparitzen ari dira.
Bono kanpainaz gain, beste hainbat zozketa egingo dituzue Gabonetan.
Bai, Gabonetako kanpainak hiru atal ditu. Bono kanpainarena da bat. Baina, horrez gain, abenduaren 9tik 18ra Olentzeroren zozketako boletoak banatuko dizkiegu erosleei; ehun euroko hogei erosketa bale zozkatuko ditugu. Eta, azkenik, abenduaren 28tik urtarrilaren 5era beste zozketa bat izango dugu; hor dendarien produktuak zozkatuko ditugu. Bestalde, kaleetako argiztapena eta dendetako dekorazioa ere sartzen dira Gabonetako kanpainaren barruan.
Gabonetako argiztapena beharrezkoa dela u ste duzu?
Kaleetako argiztapenak onura handia ekartzen die dendariei. Beraiek beharra sentitzen dute. Herria asko animatzen dute argiek, eta erosketarako giroa sortzen dute. Ez da nahikoa bakoitzak bere erakusleihoan egiten duen lanketa, inguruak ere eragiten du.
Denda txikietan erosteko joera gora ala behera doa?
Nik positiboa izan nahi dut. Uste dut kontzientziazio maila hobea dela orain. Jendea konszienteagoa da herriko merkataritzaren alde egiteko beharraz. Bestetik, merkatal zentro handietara joateko joerak goia jo zuen dagoeneko. Dena den, lanketa handia egin beharra dago oraindik. Komertzio txikiek gertutasuna eta konfiantza eskaintzen dute, eta hori transmititu beharra daukagu.
Nolako komertzioa dugu Urretxu-Zumarragan?
Gaur egun Urretxu-Zumarragan denetik aurki dezakegu, behar dugun guztia eta bururatzen zaigun guztia. Komertzio ona daukagu. Denda berri pila bat ireki dituzte, ideia berriekin. Ikusten da jendea gogoarekin eta indarrarekin datorrela. Arropa denda pilo bat ditugu, oso prezio erakargarriekin. Oinetako dendak ere oso onak ditugu, elikadurari dagokionean ez da ezer falta… Erostera kanpora joaten denak ez du beharragatik egiten. Bestetik, badago uste oker bat, denda txikietan prezioak altuagoak direla. Baina hori ez da egia.
Herriarentzat ere onura ekarriko du gastua bertan egiteak, ezta?
Noski, dirua herrian geratzen delako, eta, azken finean, herriko jendeari jaten ematen diozu, dendariak ere herritarrak direlako. Herriaren itxuran ere badu eragina komertzioa edukitzeak. Inorrek ez du nahi dendarik gabeko herri bat, baina askotan ahaztu egiten zaigu horren atzetik zer dagoen.