Urretxu Zumarragan dagoeneko prest dute dena Santa Lutzi feriarako. Aurten, gainera, igandea izanik, jende andana espero da. Hori dela eta, garraio publikoa erabiltzeko deia egin dute udaletatik. Zer ikusia eta erosia izango da. Izan ere, 500 abelburu inguru eta 491 salmenta postu izango dira bi herrietan.
Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Mikel Serrano Zumarragakoak aurkeztu dute gaur feria. Luquiren hitzetan, Euskal Herriko zein estatu mailako feriarik garrantzitsuenetakoa da Santa Lutzi, bere alorrean. Bestalde,
baserritarren eta kaletarren arteko topaleku “aparta” dela nabarmendu dute bi alkateek.
Ohiko eremuetan banatuta egongo da feria: Urdanetan abereak; La Salle Legazpi ikastetxeko patioan nekazaritzako tresnak; Trintxeran, Iparragirre kalean eta Avenidan eskulanak; Euskadi Plazan eta Gernikako Arbola plazan barazkiak eta baserriko produktuak; Areizaga Kalebarren plazan ezti, oilasko eta kapoi sariketak…
Sari banaketa 13:30ean egingo dute, Areizaga Kalebarren plazan. Oilasko, kapoi, fruta, barazki, errezil sagar, ezti eta ganadu onenak sarituko dira. Ordu berean, Zubimusu plazan
artzain txakur erakustaldia egingo dute, antzarrekin.
Herri kirolak, pilota partidak eta idi probak
Beste hainbat erakustaldi ere izango dira egunean zehar. 12:30ean
herri kirol erakustaldia izango da Ederrena pilotalekuan. Aizkoran, hiru bikote ariko dira: Iker Bizente eta Ugaitz Mugerza, Jon Irazu eta Aratz Mugerza, eta Iñaki Azurmendi eta Xabier Zaldua
Gurrutxazpi herritarra. Harri jasotzen, berriz, Inaxio Perurena. Sarrera doakoa da.
Arratsaldean, profesionalen arteko pilota partidak jokatuko dituzte Ederrenan.
Aritz Lasa eta Xabier Erostarbe urretxuarrek jokatuko dute lehen partida, Gorka eta Merino I errioxarren aurka. Bigarren partida, berriz, Olaizola II eta Urrutikoetxeak Artola eta Albisuren aurka jokatuko dute.
Idi proben finala ere izango da, Euskadi plazan, 18:00etan. Santa Isabeletan izaten da lehen proba, Santa Anastasietan bigarrena, eta Santa Lutzitan finala. Pablo Aranberriren, Antonio Zabaletaren eta Francisco Aranberrirren idi pareek parte hartuko dute.
Errioxako ardo azoka
Santa Lutzi feriaren bezperan, larunbatean, 24. Arabako Errioxako Ardo Azoka egingo dute Urretxun, motorrak berotzen joateko. Bertako upategiak, pintxoak eta musika izango dira, 18:00etatik aurrera, Iparragirre plazan. 19:00etan, gainera,
Manuel Ruiz ardoaren dastaketa irekia egingo dute. Igandean ere izango da ardo azoka.
EGITARAUA:
Abenduak 12
- 18:00. Arabako Errioxako XXIV. Ardo azoka. Arabako Errioxako upategiak, pintxoak, musika… 22:00ak bitartean Urretxuko Iparragirre plazan.
- 19:00. ‘Manuel Ruiz’ Arabako Errioxako ardo dastatze irekia Urretxuko udaletxean. Bertako produktuen pintxoak jateko aukera ere egongo da. Ardoak eta bi pintxo, 2 eurotan.
Abenduak 13
- 08:00-14:00. Zaldi aziendaren nahiz bestelako abereen feria eta sariketa. Urdaneta hiribidean.
- 08:00-14:00. Nekazaritzako tresnen feria. La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan.
- 09:00-14:00. Azoka bereziak. Errezil sagar, fruta eta barazki lehiaketak. Landare salmenta, eskulan erakusketa eta Euskal Herriko jakiak salgai: eztia, ogia, gazta, taloak… Euskadi plazan.
- 09:00-14:00. Eskulanen erakusketa eta salmenta. Euskadi plazan eta trenbidearen gaineko zabalgunean.
- 09:00-14:00. Azoka bereziak. Fruta eta barazki sariketak eta bertako produktuen salmenta Gernikako Arbola plazan.
- 09:00-14:00. Eskualdeko ezti sariketa, Gipuzkoako Eztizaleen elkarteak antolatuta. Areizaga kaleko arkupeetan.
- 09:00-14:00. Eskulanen salmenta eta erakusketa. Iparragirre kalean.
- 09:00-16:30. Arabako Errioxako XXIV. Ardo azoka. Iparragirre plazan.
- 13:00. Artzain txakur erakustaldia. Zubimusu plazan.
- 09:00-14:00. Oilasko eta kapoi sariketak. Areizaga-Kalebarren plazan.
- 13:30. Oilasko, kapoi, fruta, barazki, errezil sagar, ezti eta ganadu sariketetako sari banaketak. Areizaga-Kalebarren plazan.
- 09:00. Urretxuko Lizarriturri Txistulari elkartea eta Iratzarri Dultzaineroak Urretxuko kaleetan zehar.
- 10:00. Tolosako Dultzaineroak Zumarragako kaleetan zehar.
- 10:30-12:30. Secundino Esnaola musika eskolako trikitilari taldea Zumarragako eta Urretxuko kaleetan zehar.
- 11:30. Zumarragako Musika Banda eta Antxiñako Ama txistulari taldea Zumarragako kaleetan zehar. Eguerdira arte. Zumarraga-Urretxuko trikitilariak bi herrietako kaleetan zehar.
- 12:30. Herri kirolak Ederrena pilotalekuan. Aizkoran: Iker Bizente-Ugaitz Mugerza, Jon Irazu -Aratz Mugerza, eta Iñaki Azurmendi-Xabier Zaldua Gurrutxazpi. Harri jasotzen: Inaxio Perurena. Sarrera doan.
- 17:00. Profesionalen arteko pilota partidak Ederrena pilotalekuan. Aritz Lasa-Erostarbe Gorka-Merino I eta Olaizola II-Urrutikoetxea, Artola-Albisu.
- 18:00. Idi probak Euskadi plazan. Parte hartzaileak: Pablo Aranberri, Antonio Zabaleta eta Francisco Aranberri.
- 09:00-10:00. Santa Lutzi Feriako XXIII. Argazki rally digitala. Izen ematea Aizpurunea kultur etxean.
- 11:00-14:00. Non dago Wally?