Garai batean, etxe askotan, lehen eta bigarren platerak etxean prestatzen ziren eta postreak erosi egiten ziren. Gozogintza modan jarri da, ordea, eta geroz eta gehiago dira asteburuetan eta ospakizunetan azkenburukoak prestatzen dituztenak. Irina Tartarova urretxuarrak gozogintza ikastaroak antolatzen ditu eta azken aste hauetan, nola ez, Gabonetako gozokiak egiten irakasten ari dira.
Joan zen asteazkenean, Ana Valor zumarragarrak errege-opilak egiten irakatsi zuen. Ikastaroan, Ana Lizarraldek, Monica Martinezek, Maialen Azaldegik, Mailo Narraspek, Margarita Azaldegik eta Karmele Plazaolak parte hartu zuten. Errege-opila egin zuten. Sei etxe horietan argi dago nori ez zaion baba tokatuko!
Plazaolak Tartarovaren hiru ikastarotan parte hartu du dagoeneko. «Gozogintza asko gustatu zait beti. Aitarekin zaletu nintzen, gure etxean berak egin baititu beti postreak. Hala, Lucia (Irina Tartarova) ikastaroak antolatzen hasi zenean, izena ematea erabaki nuen».
Lizarraldek ere hiru ikastarotan parte hartu du. «Interneten errezeta asko daude, baina hemen trukuak irakasten dizkigute», aipatu zuen.
Martinezentzat lehen ikastaroa izan zen. «Larunbatero hona etortzen naiz cupcake-ak erostera eta ikastaroen kartela ikusi nuenean, parte hartzea erabaki nuen».
Irakaslearen iritzia
Guztiak oso gustura aritu ziren ikastaroan. Ana Valor irakasleak ere balorazio positiboa egin zuen. Zumarragar honek Argiñanoren eskolan egin zituen ikasketak eta Zumaiako Gure Txokoa eta Etxe Ona jatetxeetan lan egin du. «Zaletasun handia nuen, ama oso sukaldari ona baitzen».
Gozogintza modan dagoela dio. «Etxean egindako postreek oso ospe ona hartu dute azken aldian eta jende askok ikasi nahi du postreak egiten. Donostian eta Zumaian ere ikastaroak ematen ditut. Gozogintza ikastaroetan emakumezkoek parte hartzen dute eta gainontzeko sukaldaritza ikastaroetan, berriz, gizonezko gehiagok parte hartzen dute».
Urtea amaitu bitartean, beste lau ikastaro emango dituzte Irina Tartarova dendan: 26an Cupcake-ak familian eta Gabonetako cupcake-ak ikastaroak emango dituzte eta 28an Haurrentzako gozogintza eta Gozogintza erraza familian. Gabonetako cupcake-ak ikastaroan bakarrik dago tokia. Parte hartu nahi dutenek 688 865 787 telefono zenbakira deitu behar dute izena emateko edo irina@irinatartarova.es helbide elektronikora idatzi.