Atzo arratsaldean hasi ziren La Salle Legazpi ikastetxeko pilotalekuan izotz pista sintetikoa montatzen, eta dagoeneko ia amaitu dute. Bihar irekiko dute, 11:00etan, eta urtarrilaren 8ra arte egongo da irekita. Abenduaren 21ean eta 25ean itxita egongo da, baita urtarrilaren 1ean eta 5ean ere; gainontzeko egun guztietan, irekita.
Mikel Serrano alkateak adierazi duenez, aurreko urteetan ere buruan izan du ideia. «Banekien beste herri batzuetan ere jartzen zutela, eta gogoa nuen Zumarragara ekartzeko, herriko zaleei aukera emateko». Aurten lortu du, azkenean. «Egitasmo berritzailea da, eta patinajearen aldeko apustu bat». Patinajea gustatzen zaionak aukera paregabea izango du Gabon jai hauetan lagunekin zein familiarekin gozatzeko. 13.000 euro inguruko aurrekontua du pista herrira ekartzeak.
Haurrentzat zein helduentzat izango da izotz pistan ibiltzeko aukera. Horretarako, bota berezi batzuk behar dira, izotz sintetikoan irristatzeko aproposak. Sarreraren prezioaren barruan sartzen da boten alokairua. «Prezio baxuak jarri ditugu, patinatzeko aukera denen eskura egoteko», esan du Serranok.
Sarreraren prezioaren barruan sartzen da boten alokairua. / Arg.: Maialen Igartua
Bonoak erosteko aukera
Ordu erdiko txandak izango dira izotz pistan irristatzeko. Ilararik ez dagoen kasuetan, ordea, denbora gehiagoan irristatzeko aukera izango da. Sarrera arruntak euro bat balioko du hamalau urte bitarteko haurrentzat, eta bi euro hamabost urtetik gorakoentzat.
Bestalde, bonoak ere eros daitezke. Haurren kasuan, hiru, zortzi edo hogei saioko bonoak egongo dira salgai, bi, bost eta hamar euroan. Helduentzat, berriz, lau, zortzi edo hogei saioko bonoak izango dira, bost, hamar eta hogei euroan. Sarrera arruntak zein bonoak pistan bertan erosi beharko dira.
Goiz eta arratsalde irekita
Ordutegiei dagokienean, egun gehienetan goiz eta arratsalde egongo da irekita. Ohiko ordutegia 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da. Abenduaren 22an eta urtarrilaren 7an eta 8an arratsaldez baino ez dute irekiko. Abenduaren 24an eta 31n, berriz, bi ordu lehenago itxiko dute, jai egun bezperak direlako.