Ekainaren 19an herri galdeketa egin nahi du Gure Esku Dago dinamikak Goierriko 22 herrietan. Herri galdeketa hori egin ahal izateko, ordea, herritarren babesa jaso behar dute lehenik. Horretarako, sinadura bilketa jarri dute martxan. Datozen egunetarako hiru data zehaztu dituzte, herritarrek beren atxikimendua adierazi ahal izateko:
- Abenduaren 31: Pagoeta auzoan, Eitzagan, Hiruki tabernaren ondoko plazatxoan eta Areizaga Kalebarren plazan, 12:30etik 13:30era.
- Urtarrilaren 1: Irimo mendian, 10:00etatik 12:00etara.
- Urtarrilaren 5: Areizaga Kalebarrenen, 18:30etik 20:00etara.
Pello Akizu Gure Esku Dago dinamikako kideak azaldu duenez, sinadura bilketak “berme juridikoa” izango du. Horretarako, datuen babeserako legea “zorrotz” beteko dute, eta herri galdeketa pasatakoan sinadura guztiak suntsituko ditu horretan espezializatutako enpresa batek. “Helburua da oinarrizko eskubide bati data jartzea, eta prozesua gardentasunez eta jendearen parte hartzearekin egin nahi dugu”.
Antolaketan laguntzeko gonbita
Bestalde, prozesua antolatzen parte hartu nahi duen guztiari gonbita luzatu diote. Astelehenero elkartzen dira Kalebarren kaleko lokalean, 19:00etatik aurrera, eta nahi duenarentzat ateak irekita dituzte. Laguntza ekonomikoa ematea ere posible da, horretarako prestatu dituzten orri batzuk beteta.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide