Atzo iluntzean egindako ezohiko bilkuran onartu zituen Urretxuko Udalak 2016rako aurrekontuak: 9.076.372 miloi euro sarreretan eta gastuetan, 2015ean baino %10 gehiago. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen aurrekontu proposamena:?jeltzaleen bost boto eta sozialisten bi. EH Bilduko zinegotziek aurka bozkatu zuten:?lau aurkako boto izan ziren, Unai Badiola zinegotziak ez zuelako bilkurara joaterik izan. Irabaziko Alberto La Rosa zinegotzia ere ez zen bilkuran izan.
Bederatzi miloi euro horietatik, inbertsioak egiteko erabiliko dira 1.043.437 euro. Igoera nabarmena izan du inbertsioen atalak, kontuan hartuta 2015eko inbertsioen ia bikoitza dela, 2014koen laukoitza eta zer esanik ez 2013ko inbertsioekin alderatuta —45.703 euroko inbertsioa egin zen urte hartan—. Dena den, Jon Luqui alkateak azaldu du inbertsio txikien alde egin dutela, «herriaren beharrei aurre egin eta ahalik eta eremu gehienetara iristeko helburuarekin». Hori dela eta, 2016ko aurrekontuetan ez da «obra faraonikorik» aurrikusten.
2016ko aurrekontuko inbertsio esanguratsuenak:
- Udaletxea berritzeko lanak: 276.000 euro. Udaltzainen bulegoa, gizarte zerbitzuen bulegoa eta beheko solairuko artxiboa berrituko dituzte.
- Eguneko zentroko fatxada konpontzea: 30.000 euro
- San Martingo parkean estalpea jartzea: 100.000 euro
- Pagoetako parkea konpontzea: 100.000 euro
- Labeaga eta Ipiñarrieta arteko bidegurutzea moldatzea: 80.000 euro
- Baserri bideak konpontzea: 35.000 euro
Informazio gehiago biharko Goierriko Hitza egunkariaren papereko edizioan.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide