Urretxuko aldapako Motz taberna, taberna bat baino askoz gehiago da herritarrentzat. Urtean zehar makina bat kontzertu eta kultur ekitaldi antolatzen dira bertan: bakarrizketak, bertso saioak, liburu aurkezpenak, hitzaldiak… Orain arte Gaizka Oiartzabal izan da ekitaldiak antolatzearen arduraduna, tabernaren jabea, hain zuzen. Aurrerantzean, ordea, Zarraparra kolektiboak hartuko du ardura: zuzeneko musikaren aldeko kolektiboa.
Herriko hamar bat lagunek sortu dute Zarraparra taldea, Oiartzabal bera tartean dela. Abuztuan hasi ziren ideiari bueltak ematen, eta urte amaierarako eman diote forma. Motz tabernan jo duten taldeen esperientziak biltzen dituen txosten bat ere prestatu dute dagoeneko. «Lau urteren ondoren atzera begiratuta, Motzeko eszenatokiak izan duen oihartzunaz kontziente ginen, eta oihartzun horrek lana ekartzen du, pertsona batentzako gehiegi, akaso», azaldu du Oiartzabalek. Horregatik bilatu ditu bazkideak, ardura denen artean banatzeko asmoz.
Zarraparra kolektiboaren helburua Motzeko eszenatokia bermatzea da. «Herriarentzako ekarpen positiboa da kultura denen eskura izatea, eta are gehiago dohainik denean». Motzen momentu «eder eta aberasgarriak» bizi izan dituztela uste du Oiartzabalek, eta hala egiten jarraitzea da asmoa. «Horretarako, ezinbestean, denok konpromiso batzuk hartu behar ditugula ulertzen dugu».
«Herriarentzako ekarpen positiboa da
kultura denen eskura izatea, eta doan»
Gaizka Oiartzabal (Kolektiboko kidea)
Kultura banatu nahi du Zarraparrak, eta herritar guztien eskura jarri. Hori dela eta, dei egiten diete herritarrei antolatutako ekintzetan parte hartzera, eta, nahi badute, kolektiboko kide izatera ere bai. Norbaitek bazkide egin nahi badu, Oiartzabalekin harremanetan jarri beharko litzateke. «Urteko 20 euro eskatzen ditugu, baina kulturan eta sorkuntzan gastatzeko izango dira».
Amets zabalagoak ere baditu Zarraparrak: herrian kontzertuak inolako arazorik gabe antolatzeko etxe bat izatea, herriko sorkuntzari irteera emateko. «Hori oraingoz urruti dugu, baina hankak lurrean jarrita, pauso txikiak eta atzeraezinak eman nahi ditugu».
Apirilean jaialdia kalean
Aurrerantzean, hortaz, Zarraparrak antolatuko eta zabalduko ditu Motzeko kontzertuak zein bestelako kultur ekintzak. Apirilean, esaterako, jaialdi bat antolatu nahi dute kalean, eta dagoeneko ari dira beharrezko baimenak eskatzen. Bitartean, Facebook-en eta Twitter-en joango dira kolektiboaren inguruko berriak argitaratzen: «Sarean ere Zarraparra egin nahi dugu».