Asteburu honetan jokatuko dira binakako pilota txapelketako lehen itzuliko azken partidak. Zumarragako Beloki pilotalekuan izango da horietako bat, eta, hain justu, txapelketan parte hartzen ari diren bi pilotari goierritarrek elkarren aurka jokatuko dute: Jon Ander Albisu ataundarrak Iñaki Artolarekin jokatuko du, Iker Irribarria aramarraren eta Miguel Merinoren aurka. Aurretik beste partida bat ere izango da, giroa berotzeko: Elezkano II.a eta Imaz, Arteaga II.a eta Aretxabaletaren aurka. 22:00etan hasiko da jaialdia.
Irribarriak Zubietarekin hasi zuen txapelketa. Azken hiru partidak, ordea, Merinorekin jokatu ditu, Zubietaren lesioa medio. Lehen itzuliko sei partidetatik bi irabazi dituzte. «Makal samar hasi genuen txapelketa, eta pena bat izan zen Zubietaren lesioa», adierazi du aramar gazteak. «Dena den, hobetzen joan gara eta lehen itzulia hiru punturekin amaitzeko aukera dugu oraindik».
Hemeretzi urte baino ez ditu Irribarriak, txapelketako jokalari gazteenak. Iazko martxoan egin zuen debuta profesionaletan, Asperekin, eta «pixkanaka ikasten, hobetzen eta txapelketako mailan sartzen» ari dela uste du. Biharko partida «oso zaila» iruditzen zaio, Artolak eta Albisuk «izugarrizko maila» dutelako, baina hirugarren puntua lortzeko ahal duten guztia egingo dutela adierazi du.
Albisuri sendatu zaio eskua
Albisuri dagokionean, zalantzan zegoen bihar Zumarragan jokatzeko moduan izango zen ala ez. Izan ere, urtarrilaren 2an Iruñean jokatutako partidan pilota sartu zitzaion eskuineko eskuan, eta aurreko asteburuko partida ezin izan zuen jokatu —Aretxabaletak ordezkatu zuen—. Asteartean Tolosako Beotibar pilotalekuan egindako proban, ordea, ongi sentitu zen, eta biharko partida jokatuko duela baieztatu du.
«Uste baino azkarrago» sendatu zaio eskua Albisuri. Hala azaldu zuen atzo Beloki pilotalekuan egindako pilota aukeraketa saioan. «Masajeak hartu eta hartu, horixe egin dut eskua sendatzeko». Astearteko entrenamenduan sentsazio onak izan zituen, eta biharko partidarako konfiantza hartzea lortu du. «Partidaren aurretik beroketak egingo ditut eskua ongi prestatzeko, hori da garrantzitsuena».
Albisuk eta Artolak sei partidatik lau irabazi dituzte, eta lehen itzulia bost punturekin amaitzeko aukera dute oraindik. «Lehendabiziko partida albo batera utzita, txapelketa txukuna egin dugu, eta lortutako lau puntuek lasaitasuna ematen dute», esan du Albisuk.
Irabazteko faboritoak dira
Beloki pilotalekua ere ezagutzen du Albisuk. Iaz irabazi egin zuen bertan, eta aurten zorte bera izatea espero du. Dena den, irabazteko faboritoak izan arren, lan handia egin beharko dutela uste du ataundarrak. «Irribarriak eta Merinok asko dute jokoan, eta dena emango dute». Gainera, indarrean ikusten du bikotea. «Merinok aurreko asteko partidan erakutsi zuen asko duela emateko».
Finalerdiak martxoan zehar jokatuko dituzte, eta finala apirilaren 10ean.
Aritz Lasari omenaldi xumea bi herrietako udalek
Biharko bi partiden tartean, Urretxuko eta Zumarragako udalek omenaldi txiki bat egingo diote Aritz Lasa pilotari urretxuarrari. Udal bakoitzeko ordezkariek lamina bana emango diote, profesional mailan jokatu duen zazpi urteetako lanaren aitortza modura. Abenduaren 22an jokatu zuen Lasak azken partida Asperekin, Arrasaten (Gipuzkoa). Herritar ugari joan zen partida hura ikustera. Oraingoan, ordea, herrian bertan eman nahi diote agurra.