Mingainluze lehiaketako kanporaketak Labeaga aretoan
Aurten bosgarren urtez antolatu dute Urretxuko eta Zumarragako Udaletako euskara sailek Mingainluze lehiaketa. Bi herrietako haurrek parte hartzen dute, lehen hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailakoek. Aurten hiru laguneko 51 taldek eman dute izena: guztira, 153 haur.
Gaur eta bihar lehenengo kanporaketa saioak jokatuko dituzte Urretxuko Labeaga aretoan. Asteburu honetan sailkatzen direnek, datorren asteburuko kanporaketetan parte hartuko dute, eta finala urtarrilaren 31n jokatuko da. 17:00etan hasten dira kanporaketa saioak, eta edonor gertura daiteke.
Gorka Azkaratek egiten ditu aurkezle lanak. Haurrek, berriz, euskararekin lotutako hainbat proba gainditu behar dituzte: “Tribuaren berbak”, “Erantzuna emanda”, “Potokumeak”… “Aurreko urteetan oso gustura geratu ginen lehiaketak izandako harrerarekin, eta aurten ere aurreko urteetako mailari eustea da erronka“, adierazi dute antolatzaileek.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide