Garai batean erlijioak indar handia izan zuen gurean eta herri gehienetan kongregazioren bat zegoen. Urretxuko Pagoeta auzora Pasiotarrak etorri ziren. Bertan apaiztegia ireki zuten eta euskararen alde lan itzela egin zuten. Pixkanaka fraide gabe gelditu dira, etxea handi gelditu zaie eta Udalaren eskuetara pasako da. Parkea eta Pasiotarren lursail bat ere Udalaren eskuetara pasako dira. Trukean, 39 etxebizitza libre eta 17 tasatu egin ahal izango dira Pasiotarren lursail batean. Hauek Udalari emandako lurrean, berriz, babes ofizialeko 20 egingo dira.
Pasiotarrak 1935ean heldu ziren, gerra hasi baino apur bat lehenago. Gabiriatik etorri ziren, hain zuzen ere. Han etxe bat zuten, bainuetxea egon zen tokian, baina toki handiagoa behar zuten. Hala, Irunen eta Urretxun ere etxeak ireki zituzten.
Hasieran pabilioi zabal bat egin zuten, hegoaldera begira. Eraikin hori erretirorako zen. Handik urte batzuetara Urretxuko etxea ikasleentzat egokia zela konturatu ziren eta teologia ikastetxea egin zuten. Horrekin batera, eliza eraiki zuten. Lanak 1950ean hasi ziren. 1951n teologia eskolak ematen hasi ziren eta 1953an Lurdesko Amaren eliza inauguratu zuten.
Urretxuko etxean 70 bat lagun bizi izan ziren: 20 fraide eta 50 ikasle. Bertan, teologia ikasketak eman zituzten. Lau ikasturte ematen ziren eta bertatik apaizgai portugaldarrak ere pasa ziren. Beraien ikasketak Urretxun egin zituzten fraide asko misioetara joan ziren.
Apaiztegia 1968an itxi zuten. Hemengo ikasleak Deustura joan ziren eta Urretxuko etxea hustu egin zen. Eraikinetako batzuk ikastolak hartu zituen.
Izan ere, Pasiotarrek ikastolaren sorreran lagundu zuten. Pasiotar ia guztiak euskaldunak ziren eta euskara maite zuten. Beraien etxean giro euskalduna zegoen eta bertako ikasleek euskara ikasteko eta alfabetatzeko aukera zuten. Herritarrei ere alfabetatze eskolak ematen zizkieten eta euskarazko kultur ekimenei babesa ematen zieten.
Ekimen hauetako asko Nekaldiaren Kofradiaren eskutik atera ziren aurrera. Kofradia hau inguruko herrietako bizilagunek osatzen zuten eta 500 lagun inguru izatera heldu zen. Fraideen eta kofradiaren babesean, solfeo, txistu eta dantza eskolak eman ziren eta gau eskola eta antzerki taldea sortu ziren.
Hau guztia ikusita, ez da harritzekoa ikastola sortu zuen guraso taldeak fraideengana jo izana babes eske. Gurasoek eskolak emateko toki bat eta babesa behar zuten: legearen aurrean fraideak ziren irakasleak, nahiz eta ez zuten eskola bakar bat ere ematen. Izan ere, lehen andereñoek ez zuten titulurik.
Dena den, fraideen eta gurasoen arteko harremanak gorabeherak izan zituen. Tentsio uneak izan ziren, Pasiotarrei ikastolan elizaren aurka egiten zela iruditu baitzitzaien. Izan ere, ikastolak erabiltzen zituen lokalak fraideek utzitakoak ziren, eta fraideek erlijio ikasgaia ematea adostu zuten gurasoekin.
Ordura arte funtzionamendua gurasoen esku egon zen, eta 1970 inguruan Pasiotarrek hartu zuten ardura. Ikastolaren hiru zuzendari Pasiotarrak izan ziren.
Baina beraien berezko lana ez zen eskolak ematea. Ordurako fraide gutxi zeuden eta ikastola hazten ari zen. Fraideek ezin zieten ikastetxearen beharrei behar bezala erantzun. Hala, 1979 amaieran ikastola berriro gurasoen esku utzi zuten. 1986an ikastolak bere egungo eraikina erosi zien Pasiotarrei.
Ordurako, garai batean baino askoz ere fraide gutxiago zeuden. Egun, lau bakarrik gelditzen dira. Aurki udalarekin hitzarmen bat sinatuko dute: bere eraikinak udalaren esku pasako dira. Katekesia emateko erabiltzen dena ikastolari utziko dio Udalak. Bertan, Haur Hezkuntzako gelak kokatuko dituzte.
Beste eraikina, elizaren eskuinetara dagoena, herriaren beharrak asetzeko erabiliko da. Udalak parte hartze prozesu bat abian jarriko du kultur eta gizarte eragileekin.
Eta fraideak, zer? Urretxun gelditzen diren lau pasiotarrak Iparragirre kaleko apaizetxean bizi dira. Ez dute Pagoeta auzoarekin lotura hautsi, noski. Lurdesko Amaren elizan meza ematen dute, asteburuetan: larunbatetan 19:00etan (kaperan) eta igandetan 11:00etan. Horretaz gain, hiletez arduratzen dira eta katekesia ematen dute. Bestalde, Urretxu, Gabiria, Agiñaga, Aztiria eta Aizpurutxoko elizak beraien esku daude.