Gaur Ikusteko musika: munduko musika-tresnak erakusketa irekiko dute Zumarragako kultur etxean. Munduko 67 herrialdetako 100 bat instrumentu ikusi ahal izango dira. Urretxu eta Zumarragako udalek antolatu dute. Erakusketa honetako instrumentuak Kote Loidi eta Lurdes Iartza senar-emazteenak dira. Beraien musika-tresnak hilaren 31 bitartean egongo dira Zumarragan.
Loidi izan zen instrumentuak jasotzen hasi zena. Irungo Atsegin dantza taldeko kidea zen eta atzerrira joaten ziren bakoitzean instrumentu bat ekartzen duen. 1982an, abesbatza batean, egun bere emazte dena ezagutu zuen. Ordurako 200 instrumentu zituen, gehienak flautak. Emazteak bestelako instrumentuak ere jaso behar zirela esan zion eta dagoeneko 4.200 dituzte.
Lehen erakusketa 1992an egin zuten. Zumarragakoa 115. erakusketa da. «Ez dugu bakar bat errepikatu. Guztiak elkarren ezberdinak izan dira», dio Iartzak.
Ia munduko herrialde guztietako tresnak dituzte. Bat aukeratzeko eskatu eta Kongoko monganze izeneko danborra hautatu du. «Bi metroko luzera du eta pieza bakarrekoa da. Zumarragara horrelako bat eraman dugu, baina txikiagoa. Instrumentu politenak Afrikakoak dira».
Kezkatuta dago, instrumentu asko galtzen ari baitira. «Globalizazioa instrumentuen mundura ere iritsi da. Gitarra elektrikoa, biolina… nagusitu dira. Bestalde, gazteek ez dute egurrarekin lan egin nahi, nahiago dute mugikorrekin jolastu».
Hori dela eta, bera eta bere senarra erlojuaren aurka borrokatzen ari dira. Europa osoan zehar bidaiatu dute, musika-tresnak lortzeko. «Gehienak museoetan eta partikularren bildumetan daude dagoeneko. Oso garesti saltzen dituzte. Europan, arte tribaleko galerietara eta antigoaleko gauzen dendetara joaten gara. Asiako instrumentuak lortzeko, berriz, Internetek asko lagundu digu».
Lan gehien mokinkhuur izeneko Mongoliako biolin batek eman die. «Ez genuen inon aurkitzen. Azkenean, Donostiara etorri zen Mongoliako folk talde bati erosi genion. Erosi eta gutxira lagun batek mokinkhuur bat aurkitu zuela esan zigun. Hori ere erosi genuen, noski».
Instrumentu bereziak
Galtzen ari diren instrumentu asko dituzte. Islandiako kutxa zitara, adibidez. «Munduan pertsona bakar batek egiten du instrumentu hori. Hiltzen denean, galdu egingo da». Beste batzuk oso bereziak dira. Danbor bat elefante belarriarekin eginda dago eta beste bat gamelu larruarekin, adibidez.
Instrumentuak arriskuan daude, baina bikote honen bilduma ez. Pabilioi bat erosi zuten gordetzeko. «Kaxetan eta apaletan ditugu. Gure bilduma ikusi nahi duenak, guri deitzea besterik ez du. Gainera, ukitu egin daitezke».
Txalotzekoa da bikote hau egiten ari den lana. «Ez gara honetatik bizi. Gure zaletasun honek lotarako orduak kentzen dizkigu: fitxak eguneratu, erakusketak antolatu, instrumentuak bilatu… Larunbatetan eta igandetan joaten gara pabilioira. Beste batzuk tabernetara joaten dira eta guk instrumentuak erosten ditugu».
Etorkizunean seme-alabek bilduma zaintzea espero dute. Beraien ametsa museo bizi bat egitea da. «Instrumentuen bidez asko ikasi daiteke: antropologia, etnografia… Gure museoa ez litzateke Europako besteak baino eskasagoa izango». Ea instituzioek erantzuten duten.