Urola eskubaloi taldeak atzoko eta gaurko antolatu duen sagardo festara herritar ugari inguratzen ari da. Gipuzkoako zortzi sagardotegitako sagardoa eta Kalitatea zigilua duten produktuekin prestatutako platerak eta errazioak dasta daitezke: oilaskoak, txorixoa, hanburgesak, saltxitxak, solomoa, entsaladak… Sagardo botilak 4 euroan daude salgai eta errazioak 10 euroan. Urolak Lloret de Mar-eko (Herrialde Katalanak) eskubaloi txapelketara joateko erabiliko dute festan aterako duten dirua.
Jan-edanarekin batera, hainbat ekintza prestatu dituzte. Atzo bertso-afaria egin zuten herriko bertsolariekin eta gaur, berriz, mus txapelketa jokatuko da. Antolatzaileen esanetan, atzo arratsaldean “lasai samar” hasi zen jendea inguratzen, baina gaur eguerdian “lan handia” izan dute. Gaur gauean itxiko dute Zelai Arizti pilotalekuan jarritako karpa.
Urola eskubaloi taldea historia luzeko taldea da. 39 urte bete ditu aurten, eta gaur-gaurkoz 9 talde eta 150 jokalari ditu.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide